Inork ezin zezakeen aurreikusi gainera zetorkien sarraskia; eta are gutxiago uste zuten arriskua zerutik etor zitekeela, ez zegoelako aurrekaririk. Horregatik, Breguet 19 modeloko hegazkin biren burrundara sumatu zutenean ez zen inor aztoratu. Bandera errepublikarrekin atonduta, esku-orriak banatzera zetozela uste izan zuten, beste hainbatetan bezala. Jon Lasuenek (1921, Otxandio) lasai asko jarraitu zuen kalean gora aitak agindutako enkargua egiteko. Edateko ur bila irten behar zuten Maria Angeles Ortiz de Zaratek (1926, Otxandio) eta bere amak, eta arduratu gabe ekin zioten bideari. Baina ez ziren hegazkin errepublikarrak, eta karga hilgarria zekarten. Otxandiokoa Gerra Zibileko lehenengo bonbardaketa izan zen, eta denak ezustean harrapatu zituen: “Nork pentsatuko zuen, ba, bonbak jaurtitzera zetozela!”, gogoratu du Ortiz de Zaratek buruari eraginez. Honakoa bonbardaketa hartako kronika da, egun izugarri hura bizi izan zuten lau otxandiarren oroitzapenek gidatuta.
Ezkerretik eskumara: Berrostegieta, Lasuen, Goyoaga eta Ortiz de Zarate
Goiz lasaian, burrundara
Durangotik Otxandiorako sarreran dagoen baserri batean bizi zen Bixenta Goyoaga (1927an jaioa). Bederatzi urteko neskatila ataritik irten eta Andikona plazarantz abiatu zen goiz hartan, zerua oraindino isil-isilik zegoela. Une hartan bertan Jon Lasuen herriko okindegi batean zegoen, aitak egunkaria erosteko enkargua emanda. Eguneko berriak irakurri eta mendira paseatzera joateko asmoa zuten lagun batzuekin. Orduan aditu zuten, lehenengoz, abioi bien etorrera, 09:00 edo 09:30 inguruan. “Teilatuen gainetik igarotzen ziren”, gogoratu du Lasuenek. Ortiz de Zarate etxera bidean zetorren, baldekada bi ur zekarren bere amaren atzetik. Abioien joan-etorriak ez zien atentzio berezirik deitu: “Esku orriak-eta bota ohi zituzten, eta horretara zetozela uste genuen”. Bazkaria prestatzen zebiltzan milizianoek ere beren zereginetan jarraitu zuten Marina Barrosteguietaren (1936an jaioa) arabera. Hiru hile eskas zituen egun hartan, eta gerora bere gurasoek kontatutakotik daki heriotzatik zein gertu egon zen, plaza ondoko etxebizitza batean bizi zen eta.
Bonbak eta sarraskia
Andikona plaza izan zen bondardaketaran epizentroa. Zergatik han? Milizianoak Santa Marina elizan kokatu ziren, eta gehienak han inguruan zebiltzan: “Nik uste dut bonbak goiko plazarako zirela; baina batek daki, ba. Beharbada haizeak eramanda-edo, Andikonan erori ziren”, dio Lasuenek logikaren bat aurkitzeko ahaleginetan. “Baina miliziano batzuk Andikona plazan zeuden, bazkaria prestatzen, eta igual horien bila joango ziren”, zehaztu du Ortiz de Zaratek.
Batera zein bestera, hiru-lau kiloko bonbak jaurti zituzten. Izua nagusitu zen ustekabeko eraso haren ostean: “Lehenengo aldia zenez, inuzente harrapatu gintuzten. Bonba bat zer zen ere ez genekien. Ez genuen horrelakorik pentsatzen”, dio Ortiz de Zaratek. Bonbek ama eta Bittor neba zelan hil zituzten ikusi zuen: “Eta niri ezer gertatu ez. Ez dakit. Ez zen nire ordua izango”. Lasuen korrika batean hurreratu zen plazara, eta aita lurrean aurkitu zuen, hanka biak moztuta, eta hil egin zen. Anaia biak eta hiru lehengusu ere hil egin zitzaizkion: “Ikaragarria zen. Hildakoak han lurrean sakabanatuta… Aitak egunkaria erostera bidali ninduen, eta horregatik nago bizirik. Minutu bi geroago gertatu izan balitz, bertan hilko nintzen”. Andikona plazara bidean zihoan Goyoaga ere patuaren karanbola batek salbatu zuen: “Amak deitu zidan etxetik. Bueltatzeko esan zidan, niretzat errekadu bat zuelako. Dei horrek salbatu ninduen”. Denborarik galdu barik “Gerixara joan ginen arineketan, eta han eman genuen eguna”. Berrostegietak, aldiz, memorian ondo gordeta du gerora aitak egun hura zelan definitzen zion: “Horrelako zerbait berriro ikustea baino, hiltzea gurago zuela esan ohi zidan”.
Beste asko bete-betean harrapatu zituen bonbardaketak. Zauritu asko egon ziren, eta 61 lagun hil ziren. Gaur egun, Andikona plazan kokatutako burdinazko xafla batek hildako guztien izenak jasotzen ditu.
Geratu ala alde egin?
Bonbardaketaren ostean gerrako fronte handi baten erdian zegoen Otxandio: “Gehienek herritik joateko erabakia hartu zuten”. Goyoagatarrentzat egoera jasangaitza bihurtu zen. Gurdia ahal zutenagaz bete eta Bilbora joan ziren familiako baten etxera. Frankistak Bilbora hurreratzen zihoazen heinean “handik ere ospa egin behar izan genuen”. Baina, orduan, ez zuten nora joan. “Beste askok” egin moduan Kantabriarantz jo eta Torrelavegan amaitu zuten. Eta han euren garraiobidea etxebizitza bihurtu zuten: “Aitak, amak eta hirurok gurdiaren azpian lo egiten genuen”. Otxandiotik bederatzi abelburugaz irten zen familiari bi baino ez zitzaizkion geratzen handik denbora batera herrira bueltatu zirenean. Etxea “hondatuta” aurkitu zuten, eta dena berreraikitzea egokitu zitzaien.
Lasuen bonbardaketaren egunean joan zen herritik. Aita udaletxeko idazkaria zen, eta alkateak auto bat ahalbidetu zion familiari Bilbora joateko. Gaur egun ere Bizkaiko kapitalean bizi da. Orduan, izeko batek bere etxean hartu zituen, Zazpi Kaleetan: “Gerora lanean hasi ginen, baina hasieran ez geneukan ez dirurik ez jateko ezer”.
Amak, noizerik noizera, Otxandiorako osteratxoak egiten zituen, baina Jonek 40ko hamarkadan hasi zituen Otxandiorako joan-etorriak. 94 urtegaz oraindino ere badirautenak. Opel Corsaren bolantean ez du laguntzarik behar Bilbo-Otxandio ibilbidea egiteko.
Berrostegietaren familiari Otxandiotik joateko gomendioa eman zion orduko alkateak. Aita gerrarako errekrutatu aurretik Arratiara alde egin zuten: “Ezer barik joan ginen, aldean generamanagaz bakarrik. Ondoren, lehengusina batek erropak-eta ekarri zizkigun astoagaz”. Urte bi han eta beste bi Bilbon eman zituzten. Ondoren, Berrostegietak lau urte zituela, Otxandiora itzuli ziren, eta aitak bere ofizioari ekin zion berriro.
Ortiz de Zarate izan zen lauretatik Otxandion geratu zen bakarra: “Gure etxea osorik geratu zen eta, ama eta neba hilda, aitagaz bertan geratzea erabaki nuen”. Aurrerantzerako ondo ikasia zuten ikasgaia: “Aeroplanoren bat entzuten genuenean, ganaduaren kortara sartzen ginen babes bila”.
Oroimena
80 urte joan dira Otxandio bonbardatu zutenetik. Gaur bertan egun hura gogoratzeko ekitaldia dago Andikona plazan. Bonbardaketa eta osteko gerra zibila bizi zituzten otxandiarrak jaiei hasiera emateko txupinazoko protagonistak ere izan ziren. Udaletxeko balkoitik jarraitu zuten ekitaldia, eta santamañei hasiera eman zien txupina piztu zuten.
Honek guztiak memorian galdutako gomutak berreskuratzeko balio izan diela uste duena oker dabil. Ez dute ezer berreskuratzeko beharrik, sekula ez dutelako ahaztu Ortiz de Zaratek garbi azaltzen duenez: “Andikona lehenagoko moduan gogoratzen dut, handik zihoan erreka eta guzti. Eta ondoren, bonbardaketa, hildakoak… egun hura oraintxe biziko banu bezala irudikatzen dut buruan”.
Lorratzen Mapa: memoria bizirik mantentzeko ibilbideaBonbardaketak, gerrak eta frankismoak herrian eragindakoa erakusteko asmoz, Lorratzen Mapa deituriko ibilbide bat prestatu du Otxandioko Udalak, zazpi gunetan banatuta. Informazio-panelak ipinita, etorkizunean zapalduen memoria bizirik mantentzeko ibilbide bat izango da. Gaur egingo dute lehenengo bisita gidatua, eta berezia izango da, hainbat lekukoren bizipenak zuzenean entzun ahalko direlako. 17:00etan gaztelaniaz emango dute informazioa, eta 18:30ean euskaraz. Zazpi gai, zazpi gune Beste ekitaldiak |
Seme kutunaren izendapena kendu diote Salas erasotzaileariFrankismoan, 1942an, Urduñako seme kutunaren izendapena eman zioten Angel Salas militarrari, Otxandioko bonbardaketan parte hartu zuen erasotzaileari. Otxandioko oroimen ekitaldien harira, Urduñako udalak izendapen hori kentzea erabaki du, beste titulu batzuekin batera. 1936ko uztailaren 18an estatu kolpea jo zuten Afrikako gerran prestatu ziren faxistek, baina ez zitzaien nahi bezala atera. Madril eta beste zenbait hiri garrantzitsu ez zuten kontrolpean edukitzerik lortu. Horrela, gerra hastea erabaki zuten, eta testuinguru horretan kokatzen da Otxandioko bonbardaketa, gerran zibilen aurka egindako lehena. Andikonako sarraskia Franco eta Molaren lotura |