Otxandioko jaiak 2016

Musikaz eta jaiaz gozatzeko aukera zabala dakarte santamañek

Anboto 2016ko uzt. 15a, 10:45

Izaro Andres kantautore mallabiarrak Otxandion joko du.

Jai giroaz gozatzeko egunak dituzte aurretik, Otxandion. Festaz eta musikaz gozatutako egunak, eta, horretarako, eskaintza zabala dakarte santamañek. Musika, antzerkia, kirola, umeentzako jolasak, sokamuturra, urtez urte hutsik egin gabe dirauten ekitaldiak... Haur, gazte zein heldu, denek izango dute beraientzako tartea santamañak ospatzeko prestatutako jai egitarauan.

La Jodedera eta Izaro
Dantzarako eta ondo pasatzeko gonbita egingo du Euskal Herriko eta Kubako doinuak nahasten dituen La Jodedera taldeak; aldarrikapenez bustitako abestiak erabiliko dituzte horretarako. Izaro de Andres kantautore mallabiarrak, berriz, bestelako  proposamena egingo du. Irailean disko berria kaleratuko duen abeslariak bere musika banda izango du lagun. Eratu eta Kaotiko taldeek eskainitako kontzertuetan doinu gogorragoak izango dira entzungai.

Musika aukera zabal hori Kupela musika taldeak borobilduko du. Beraiek eskainiko dute jaietako azken doinu eta dantzez gozatzeko aukera.

Erromeri giroa eta zirkua
Ezten Giro eta Dantzadi plaza taldeek izango dute erromeri gauak berotzeko ardura; Akelarre txarangak eta Batukotx batukadak, berriz, kale bazterrak jarriko dituzte dantzan. Zirkua ere hurbilduko da egunotan. Haur zein helduentzat Funes van ikuskizuna eskainiko du The Funes Troup konpainiak.

Gazte Eguna, Santamaña Eguna eta Umeen Eguna izango dira aurten ere; San Martinen egindako jaia ere bai.  ‘Agur Santa Marina’ abestu artean badago zer ikusi eta zer entzun.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!