Gaztetxearen 15.urteurrena ospatuko dute zapatuan

Anboto 2016ko eka. 3a, 10:20

Otxandioko Gaztetxeak 15 urte egin ditu aurten, eta urteurren hori ospatzeko egun osoko jaia prestatu dute zapatu honetan. Herri osora zabaldu duten jaia da.

"Asko eta asko izan dira gaztetxeari izaera eta izana eman zizkioten gazteak, eta norbanako horiek guztiak beharrezko izan dira proiektua gauzatzeko”, diote gaztetxeko kideek. Lan hori guztia eskertzeko modua ere bada jaieguna. Hain zuzen, ‘Haunditzen haunditzen’ da urteurrenari begira sortu duten leloa, urte hauetan jende askoren lanari esker apurka sendotzen joan den proiektua dela zabaltzeko. Logo berriak ere mezu hori islatzen du.

11:00etan txupinazoa jaurtiko dute gaztetxean, jaiegunari hasiera emateko. Goizean zehar, gaztetxe aurrean haurren txokoa atonduko dute: Body paint, graffiti tailera, puzgarriak…

13:30ean triki poteoa egingo dute, eta horren ostean, 15:00etan, bazkari herrikoian batuko dira.  Bazkalostea Boceguillas Sound System-ek girotuko du.

19:00etan kalejira koloretsua hasiko dute, Andikonatik. Jaieguna musikagaz agurtuko dute. Kontzertuak gune bitan banatu dituzte: 20:00etan Andikona Plazan, eta 22:00etan plazan. Akort, Xaiko eta Eraso! taldeen kontzertuak eta Luhartzen erromeria izango dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!