Aitor Uribe, Miren Soloeta, Amaiur Lopez de la Calle eta Asier Duran 2015ko irailean atxilotu zituzten Luzia Urigoitia omentzea egotzita. Gaur izan dute epaiketa Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Hasieran urte bi eta erdiko kartzela zigorra, bederatzi urteko inhabilitazioa eta 7.200 euroko isuna eskatzen zituzten bakoitzarentzat. Gaur eskaera murriztu du fiskalak eta lau auzipetuek onartu egin dute. Urte biko kartzela zigorra, zortziko inhabilitazioa eta 2.400 euroko isuna ezarri diete Aitor Uribe, Asier Duran eta Miren Soloetari; Amaiur Lopez de la Calleri, berriz, urte bat eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra, eta zazpi urte eta bederatzi hilabeteko inhabilitazioa eta 2.400 euroko isuna. Ondorioz, ez dira kartzelara joan beharko.
Hala ere, ohar batean azaldu dutenez, “kartzela ekiditea lortu dugu, baina gaur, hemen, ez da justiziarik egin eta are gutxiago, oroimena eta elkarbizitzari bide eman; ozen diogu lau haizetara oroimena zigortu, zigortu daitekeela, baina ez ordea lapurtu”.
Luzia Urigoitia 1987ko uztailaren 27an hil zuen Guardia Zibilak, tiroz, Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa) eginiko sarekada batean. Harrezkero, herritarrek modu ezberdinetan eskatu dute gertatutakoa argitzea. Gainera, iaz “atxiloketak egin eta gutxira, udalak berak Lutxi omendu zuen EH Bildu eta EAJren babesagaz”, gogoratu izan du Otxandixo Librek. Eusko Jaurlaritzak poliziaren biolentziaren biktima gisa onartua du.