Fiskalak bi urteko kartzela zigorra eta 9 urteko gaitasungabetzea eskatzen ditu bakoitzarentzat; baita 7.200 euroko isuna ere. Otxandixo Librek “itzelezko injustiziatzat” jotzen du hiruren egoera: “Lutxi Urigoitia Eusko Jaurlaritzak poliziaren biolentziaren biktima gisa onartua du”, gogoratu dute. Gainera, “atxiloketak egin eta gutxira, udalak berak Lutxi omendu zuen EH Bildu eta EAJren babesagaz”.
Epaiketarako gastuetan laguntzeko Libre zozketak martxan dirauela gogoratu dute. Hain zuzen, bonu eta kamiseta salmentekin zein plazan egindako parrilada bategaz ateratako diruagaz Egoitz Garmendiari lagundu zioten abokatu gastuetan zein Madrilerako bidaian. Garmendiak joan zen astean izan zuen epaiketa. Aldeen arteko akordioagaz urte biko kartzelaldia ezarri zioten. Aurretik urte bi kartzelan egona denez, ez du kartzelara itzuli beharko.