Libre Otxandixo dinamikak “elkartasun osoa” helarazi die sei auziperatuei

Anboto 2016ko api. 12a, 10:54

Domekako agerraldian Otxandioko plazan ateratako argazkia.

Domekan Libre Otxandixo dinamika aurkezteko agerraldia egin zuten eta sei otxandiarren kontrako prozesu judizialak salatzeko kanpainari hasiera eman zioten.

Egoitz Garmendia, Aitor Uribe, Amaiur Lopez de la Calle, Egoitz Lopez de la Calle, Asier Duran eta Miren Soloeta dira epaiketaren zain dauden sei otxandiarrak: “Proiektu politiko baten parte izan eta lan soziala egitearren atxilotu, torturatu eta espetxeratuak izan dira”, adierazi zuten Libre Otxandixo dinamikako kideek agerraldian. Horregatik, “euren egoera gogorra ozen salatu eta elkartasun osoa erakutsi” zieten eta aurrerantzean prozesu judizialak salatzeko kanpaina abiatuko dutela iragarri zuten: “Egoeraren larritasunak horrela eskatuta, maiatzaren 17an Egoitz Garmendia eta beste zortzi kideren aurka hasiko den epaiketa salatzea izango da lehentasuna”. Herriko eragile, alderdi zein norbanakoei ere nork bere ekarpena egiteko deia egin zieten.

Garmendia 2010ean atxilotu zuen Guardia Zibilak. “Torturatu ostean kartzelara sartu zuten”. Urte bi eman zituen kartzelan. 12.000 euroko  fidantza bat ordainduta aske geratu zen. Orain Audientzia Nazionalean epaituko dute. Fiskalak 9 urteko kartzela zigorra eta 10 urteko gaitasungabetzea eskatzen ditu berarentzat.

Aitor Uribe, Amaiur Lopez de la Calle, Asier Duran eta Miren Soloeta Lutxi Urigoitiaren oroimenezko ekitaldia antolatzearren atxilotu zituen Guardia Zibilak. Fiskaltzak 7.200 euroko fidantza —jadanik jarrita dutena— bi urte eta erdiko kartzela zigorra eta 9 urteko gaitasungabetzea eskatzen ditu euretako bakoitzarentzat.

Egoitz Lopez de la Calle 2014ean atxilotu zuten. 2015eko martxora arte kartzelan egon ostean, 20.000 euroko fidantza ordainduta aske geratu zen, epaiketaren zain.

Auziperatuak domekako agerraldian:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!