Sei otxandiar beraien kontrako epaiketa noiz hasiko zain daude. Eurekin “itzelezko injustizia” egiten ari dela uste dute Otxandixo Libre dinamika osatzen duten kideek. Herritar talde batek osatzen du, eta “auziperatuei zein euren lagun eta senideei beharrezkoa den laguntza eta elkartasuna” emateko prest daude. Libre dinamikaren aurkezpena domeka honetan, 13:30ean izango da, Otxandioko plazan egingo duten agerraldian.
Sei otxandiarrak hiru prozesu judizial ezberdinetan banatuta daude. Egoitz Garmendia 2010eko irailean atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta “tortura basatiak” jaso zituen Libre mugimendukoen esanetan. Urte biko kartzelaldiaren ostean, fidantzapean aske geratu zen. Maiatzaren 17an epaituko dute, Audientzia Nazionalean. Bederatzi urteko kartzela zigorra eta hamar urteko inhabilitazioa eskatzen ditu fiskalak.
Aitor Uribe, Amaiur Lopez de la Calle, Asier Duran eta Miren Soloeta iazko irailean atxilotu zituzten, Luzia Urigoitiaren inguruko omenaldia antolatzearren. Fiskaltzak urte bi eta erdiko kartzelaldia eta bederatzi urteko inhabilitazioa eskatzen du. Epaiketaren zain daude.
Azkenik, Egoitz Lopez de la Calle 2014ko urtarrilean atxilotu zuen Guardia Zibilak. 20.000 euroko fidantza ordainduta aske geratu zen, 2015eko martxoan. Epaiketaren zain dago.
Libre dinamikakoek etxez etxe banatutako informazio orrian salatzen dutenez, “proiektu politiko baten parte izan eta lan soziala egitearren atxilotu, torturatu eta espetxeratuak izan dira”.