Aparkaleku moduan erabiltzen dute. Zer erabilpen izan behar luke gune horrek? Eta, esaterako, aisialdi gune lez egokitu behar bada, zer egin bertan? Galdera horiei erantzuna bilatu guran hainbat bilera bideratu dituzte HerriOlako Hezi taldetik.
Eremu horretako erabiltzaile nagusienekin hainbat bilera egin dira. Guraso elkartea, haurreskolako gurasoak, nerabeak, haurrak, eskolako irakasleak eta jantokiko langileak batu izan dira gaiaren inguruan zuten iritzia plazaratzeko. Prozesua oraindik martxan dago.
Eskolako zuzendari Iñigo Ramosek dio eskolan “aspaldiko urteetan hainbat bider” plazaratu izan den gaia dela. Gune hori ez dago eskola barruko esparruan, baina udalarekin hitzarmena daukate eskola orduetan berau erabiltzeko, jolas-orduan zein heziketa fisikoko klaseetan. Baina, batzuetan, gune hori erabiltzeko oztopoak dituzte, ibilgailuak aparkatuta daudelako: osasun zentrora doazenak, herri kanpotik egunpasa egitera etorritakoen autobusak… Eskola orduetan (09:00tik 16:15era) han ez aparkatzeko erabakia adostua dago Eskola Kontseiluan, baina “ez da beti errespatatzen”.
Horrez gainera, eskolarako sarrera-irteera uneetan autoz betetzen da, eta, eskolarako bidean, oinezkoen pasabide naturala denez, “sustotxo bat edo beste ere izan dugu, batez ere euria egin duen egunetan”.
Eskola orduetatik kanpora ere hainbat gazteren jolasgune naturala da saskibaloi saskiengatik, baina ezin dute gunea erabili, frontoira edo futbol zelaira doazen batzuek bertan aparkatzen dutelako, besteak beste.