Otxandioko tabernarien artean antolatzen duten Udaberri Jaia heltzeko hilabete baino gehiago falta da, baina dagoeneko hasi dira giroa berotzen, zineman filmeetako trailerrekin egiten den antzera. Aurrerapen honek badu gatza eta piperra. Pala partidu bat izango dela esanda inor ez da aztoratuko, baina protagonistak bereziak dira: Mikel Goñi pilotariak eta Koikili Lertxundi futbolariak bikotea osatuko dute Asier del Horno futbolari ohiaren eta Alex Sardui musikariaren kontra. Lehenengoen botilleroa Mikel Abasolo otxandiarra izango da eta bigarren bikotearena Sabin Goirigoizarri gamiztarra.
Pilotaleku batean partidu bat ikusten zeudela sortu zitzaien ideia. Laurak han zeuden nor bere lagunekin. Partiduaren ostean, elkarrekin kontu kontari zebiltzala, “lauretako bati ideia hori okurritu zitzaion eta laster Udaberri Jaia zetorrela-eta Otxandion egitea ideia ona izan zitekeela aipatu nuen”, dio Koikili Lertxundik: “Otxandion tradizio handia du pilotak”.
Palan eta teniseko pilotekin jokatuko dute 11:30etik aurrera. Mikel Goñik eta Asier del Hornok “asko jokatzen dute”, dio Athletic eta Mirandeseko jokalari ohiak. “Alex eta biok berriz…”. Koikili pilotan eta frontenisean aritua da, baina oraingoa du palan lehenengo saiakera: “Aurretik sekula ez dut pala bat hartu. Horregatik joan zen astean entrenamendu moduko bat egin genuen laurok eta bai Alex eta bai ni nahiko ondo moldatu ginen; partidu polita irten daitekeela uste dut”.
Partidua zuzenean komentatuko dute esatari bik: Ager Sardui kazetariak eta Iñaki Iza pilotariak.
Dirua dohaintzan eta sarien zozketa
Mainondoko pilotalekuan jokatuko dute partidua. Sarrera bat kobratuko dute eta batutako diru guztia herriko elkarte bati emango diote. Partidu amaieran hainbat sari ere zozketatuko dituzte bertaratzen direnen artean: Asier del Horno Chelsea taldean zebileneko kamiseta bat, Koikili Lertxundiren Athleticeko beste bat, eta, Mikel Goñiren Aspeko kamiseta eta pilota bat, kirolariei dagokienez. Alex Sarduik baketa parea, Gatiburen sudadera eta lan berriko binilo bi emango ditu.