Santamañetan sokamuturra bai ala ez, jai batzordeko galderetako bat

Anboto 2016ko ots. 15a, 09:45

Jai Batzordeak Santa Maña jaietako hainbat konturi buruz otxandiarrek duten iritzia jakin gura du. Herrian zabaldu dituzten karteletan jasotzen den puntuetako bat sokamuturrari buruzkoa da. Bigantxei ematen zaien tratua, eta inori ezer gertatuz gero arduretan izan dezakeen eraginaren inguruko kezka dira hausnarketarako proposatzen dituzten ideietako bi. Bide horretatik, “Zer irizten diozu sokamuturra kentzeari?”, galdetzen dute.

Aurten txupinazo eguna, uztailaren 17a, domeka da, eta txupinazoa arratsaldez beharrean eguerdian botatzea herritarrei zer iruditzen zaien ere jakin gura dute. Gai horiei zein bestelakoei buruzko iritziak jasotzeko jaibatzordea@gmail.com helbide elektronikoa eta 648 26 52 46 zenbakiko whatsappa bideratu dituzte.

Ikastaroetarako proposamenak
Kultura batzordeak ere herritarren iritzia jakin gura du zer ikastaro antolatu jakiteko: www.otxandio.net edo kultura@otxandio.net helbidera bidali daitezke ekarpenak, otsailaren 22a baino lehen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!