"Gastua mugatu eta zentzuz gastatzea" helburu, Otxandioko udal aurrekontuan

Anboto 2016ko ots. 6a, 12:33

Otxandion, 2016ari dagozkion udal aurrekontuak dituzte zituzten aho batez, EH Bildu —Gobernu Taldea— eta EAJren botoekin. 1.905. 357 eurotakoa da aurtengo zenbatekoa, iazkoa baino 116.000 euro (%5) apalagoa.

Oro har, “krisi garaian egindako aurrekontuak dira, diru-laguntza eta aktibitate ekonomiko txikiko egoerak baldintzatuta”, azaldu dute. Horregatik, aurrekontuetan “gastua mugatzen eta udalaren zorpetze apala ez handitzen” saiatu dira. Bide horretan, aurrekontuetan ez ezik urtean zehar lortu beharreko erronketan “zentzuz gastatzen” saiatuko dira.

Ohiko diru sarrerak (zergak, tasak, Udalkutxa…) “iazko maila berean mantentzea” aurreikusten dute. Zenbait tasa eta zergetan igoerak egin arren, baliabide gutxienekoei hobariekin laguntzea aurreikusi dute, beraz, diru sarreretan efektu txikia izango duela uste dute: iazko aurrekontuekin alderatuta, %1 gutxiago.  Ezohiko diru sarrerak inbertsioetako diru-laguntzetatik datoz, batez ere, eta diru laguntzen portzentaia “mantentzea” itxaroten dute, nahiz inbertsio kopurua jaitsi. Bestalde, herriko partikularrek egindako lanetatik etorriko sarrerak “apalak” izan daitezke “kontestu ekonomiko zailak” eraginda. Oro har, ezohiko sarrerak %21 jaitsi daitezke.

Inbertsioak iaz baino %17 txikiagoak izango dira (547.719 euro) eta lehentasunak markatu dituzte: Margaola-Anteparaluzeta auzoetako ur sarearen konponketa, telekomunikazio sarea hobetzea (21.000 euro), herriko eskolako inguratzailea eta leihoak berritzea (160.000 eta 70.000 euro, hurrenez hurren), estolderia sarea hobetzea, birziklapena bultzatzea (75.000 euro) eta kale argiteriaren efizientzia handitzeko neurriak hartzea (35.500), besteak beste.

Martxoa amaitu aurretik, kontuen likidazioa egingo dute, eta horko emaitzaren arabera inbertsio gehiago egitea aurreikusi daiteke ahalik beharrizan gehienetara heltzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!