Baso-mozketan lanean zebilen 41 urteko langile bat hil zen joan zen eguenean Otxandioko Gomilaz auzoan. Pinu bat moztu eta beste batzuen artean trabatuta geratu zen. Orduan, langileak beste bat moztu behar izan zuen eta trabatuta geratuta zegoen hura gainera erori zitzaion. Horrela jasotzen du Osalan-en aurretxostenak, ELAko ordezkariek jakinarazi dutenez. Hildakoa Maderas Kepa Atutxa S.L. enpresakoa zela ere argitu dute.
Ez dakite jazoera horretan zelako prebentzio-neurriekin ziharduten, ezta basogintzako lanabes egokiak zituzten ere. Baina, oro har, basogintzako sektorean “prebentzioa ez da behar bezala kontuan hartzen, nahiz eta jarduera berez arriskutsua den; makina astunak erabiltzen dira ingurune malkarretan, non ebakiak eroriak, harrapaketak eta bestelako istripuak izateko arriskua handia den”, salatu du ELAk prentsa ohar batean. ELAn Bizkaiko osasun arloko arduraduna den Leire Herediak zehaztu duenez, “urtero gertatzen da istripu hilgarriren bat sektore horretan”. Osalanetik hainbat sentsibilizazio kanpaina egiten direla azaldu du, “baina ondoren ez da jarraipenik egiten enpresa horiek lan baldintza egokiak betetzen dituzten edo ez jakiteko”. Horregatik, basogintza sektorean prebentzio-neurri zorrotzagoak eta egokiagoak behar dira sindikatuen ustez, eta gerora neurriak betetzen diren edo ez jarraipena egin behar da, kasuan kasuko lanarekin ondo moldatzen diren ziurtatzeko.