Sagar zuku dastaketa eta koltzagaz egindako biodiesela, Otxandioko domekako azokan

Anboto 2015eko abenduaren 10a

Herri kirolen erakustaldiak egongo dira, aurreko aldietan legez.

Kementsu elkarteak baserriko produktuen azoka antolatuko du domekan, goizetik eguerdiko 15:00ak ingurura arte. Urtero legez, askotariko erakustaldiak ere antolatu dituzte azokaren harira. Tartean, koltza zerealetik eratorriko biodiesela egingo du Felix Ajuriak, eta Aramaioko Iturrieta sagardotegiak erakustaldia egingo du sagarrak zukutzeko prentsarekin.


Otxandioko Kerexara baserriko Felix Ajuriak koltza zerealetik eratorritako biodiesela egiten du. Azokan biodiesela egiteko makina erakutsiko du, eta prozesua azaltzen duten informazio panelak ere egongo dira.

Aramaioko Iturrieta sagardotegiak sagar zukua dastatzeko aukera eskainiko du. Sagarrak zukutzeko prentsa eramango dute, eta erakustaldiak egingo dituzte. Alemanian eta Austrian asko erabiltzen diren makinak direla azaldu dute Iturrietako arduradunek: hiru-lau baserritarrek elkarlanean sagarraren eta beste hainbat fruten zukua egiteko erabiltzen dute.

Herri kirolak ere izango dira: Irati Astondoa, Belen Astondoa, Jon Loiola eta Jaime Atxak aizkora, trontza eta txokor batze erakustaldiak egingo dituzte.Jan-edanik ere ez da faltako azokan. Taloak ez ezik, otxandiarrek egindako buzkantzak dastatzeko aukera ere egongo da. Goiz osoan dultzaineroak eta trikitilariak ibiliko dira giroa berotzen.

Azoka 40 postuk osatuko dute. Horietatik 18 baserri produktuenak (gazta, ogia, ortuariak…) izango dira, plazan. Artisauen mahaiak (bitxigintza, kremak…) pasealekuan eta udaletxe azpian egongo dira. Ekoizleak Euskal Herri osotik datoz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!