Aurten arte, udaleko Kultura Batzordeak bere irizpideen arabera antolatu izan ditu udazkenero eskaintzen diren ikastaroak. Aurrerantzean, ikastaroak antolatzeko eredua aldatu egin dute, eta, lehenengo, herritarrei proposamenak egiteko aukera eskaini diete.
Orain arteko eskaintzak, oro har, eskari zabala izan du. Baina, antolaketa eredua herritarrengandik hastea modu egokia dela uste dute, otxandiarren beharrizanak jakiteko eta ikastaroen eskaintza horien arabera osatzeko: “Gure iritzian, herritik irteten den ekimena da lagundu beharrekoa. Horrela, aukera gehiago dugu gauzak ondo egiteko, eta horretarako, galdetzea da lehen pausoa”, dio Urtzi Armendariz alkateak.
Udazken-negu parteko aurtengo ikastaroak modu horretara antolatzea da asmoa. Proposamenak urriaren 28a baino lehen helarazi behar dira udaletxera: kultura@otxandio.net.
Proposamenak aztertzerakoan, kontuan hartuko dute eskaintza euskarazkoa izatea, herritar denentzat izatea, eta gehienez, 30 ordukoa edo hiru hilabetekoa izatea.