Harrera ekitaldi arina izan zen. ‘Ongietorri’ zioen pankarta baten parean batu ziren laurak eta aurreskua dantzatu zieten. Ondoren, esker oneko berba batzuk esan zituzten eta txaloen artean amaitu zen ekitaldia. Asier Duran oso nekatuta zegoen eta senitarteko eta lagunekin apur bat egon ostean etxera joan zen.
Gainerako hirurek Anbotori elkarrizketa bat emateko indarrak batu zituzten. Udaletxean batu ginen. Lehenengo eta behin, atxilotuta egon diren bitartean kanpoan zer gertatu zen laburbildu zien Urtzi Armendariz alkateak: udalbatzarrean mozio bat onartu zela atxiloketak salatuz, aurretik egindako manifestazioak jendetza batu zuela eta gaiak hedabideetan izandako oihartzuna handia izan zela, besteak beste. Luzia Urigoitiaren familiagaz berba egin zutela ere adierazi zuen Armendarizek eta “ez dakigu zein epetan, baina arin, familigaz adostu eta Lutxiri omenaldi publiko eta instituzional bat egingo diogu”.
Ostean, Anbotoko kazetariaren galderei erantzun zien Amaiur Lopez de la Calle, Miren Soloeta eta Aitor Uribek. Atxiloketak, gaztetxeko miaketa, Madrilerako bidaia, epailearen aurreko deklarazioa… lehen pertsonan zelan bizi izan zituzten kontatu zuten. Elkarrizketa hori bihar irakurgai izango da bai astekarian eta bai webgunean.