Otxandioko jaiak 2015

Athleticen kontra jokatu ostean, Vulcanok emango die jaiei hasiera, bihar, txupinazoagaz

Anboto 2015ko uzt. 16a, 12:20

Vulcano futbol taldeak jaurtitako txupinazoagaz hasiko dituzte Otxandioko Santa Maña jaiak, bihar, barikua. Aurten, taldea sortu zela 50 urte bete direlako eskaini dio aukera hori Jai Batzordeak. Uztailaren 17a egun osoa izango da Vulcanoko jokalarientzat. 21:00etan, txupinazoa jaurti eta pregoia irakurri aurretik, urteurrenaren harira antolatutako futbol partidua jokatuko dute, 18:00etatik aurrera, Zelaieta futbol zelaian. Vulcanok Athletic taldean ibiliak diren jokalariez osatutako taldearen kontrako jokatuko du partidua.


Ez da Athleticen beteranoen talde ofiziala: “Talde ofiziala ekartzea gaitza da”, adierazi du Javier Axpe Vulcanoko jokalariak: “Eskaera aurretia askogaz egin behar da, eta diru asko eskatzen dute”. Baina Vulcanoko jokalaria den Koikili Lertxundiren bidez, Athleticen ibili diren jokalariekin taldea osatzea eta Otxandiora ekartzea lortu dute.

Jokalari ezagunak
Athleticzale direnek ondo ezagutzen dituzten jokalariak etorriko dira: Igor Gabilondo, Roberto Martínez Tiko, Armando Ribeiro, Asier del Horno, Luis Prieto, Mikel Dañobeitia eta Javi Casas, besteak beste.

Vulcano taldea ohiko jokalariek osatuko dute; aurten, Mailara Gorenerako igoera lortu duen taldeak jokatuko du Athleticen aurka. Liga apirilean amaitu zuen arren, harrezkero astean behin entrenatzen ibili da jaietako partidua prestatu, eta sasoiari eusteko: “Irailera arte ez dugu liga denboraldia hasiko, eta normalena litzateke, sasoi honetan ez entrenatzea, baina partidua prestatzeko astean behin batzea erabaki genuen. Partidu polita egitea eta jendeak gozatzea da helburua; eta irabazten badugu, askoz hobeto”. Partidua amaitu ostean, ordubete izango dute dutxa bat hartu eta udaletxeko balkoira joateko. Txupinazoaren ostean, talde bietako jokalariek elkarrekin afalduko dute.

Ospakizunez ospakizun
Futbol taldearen urteurrena ospatzeko, jaialdia antolatu zuten ekainean. Besteak beste, gaztetxoen mailako futbol txapelketa egin zuten, Zelaietan. Ondoren, Vulcanoko jokalariekin eta zaleekin, zein txapelketara hurreratu ziren guztiekin familia argazkia atera zuten. Osteko bazkaria arrakastatsua izan zen, eta 200 lagunetik gora batu ziren otordura. Arratsaldean, ostera, umeentzako jolasak eta musika izan ziren, eguraldi eskasak ekitaldi guztiak baldintzatu bazituen ere.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!