Otxandioko Artekale 17-an ireki dute Koikili Aterpetxea Itzarri Taldeak eta Koikili Lertxundik. Ostatua eskaintzeaz gainera, euskara, natura, eta kirola dira aterpetxeak bere egin dituen balioak. Bide horretan, ikastaroak, irteerak… antolatuko dituzte eta turismo aktiboa sustatzen ahaleginduko dira.
Aterpetxeak hiru solairu ditu. Behealdean sarrera eta spa zerbitzua daude. Spa erabiltzeko ez dago ostatua hartu beharrik. Otxandion hain ugariak diren mendi eta basoetan kirola egin eta etxera joan aurretik dutxatu eta garbitu gura dutenei bideratuta dago eta odoleko zirkulazio arazoak dituztenei ere bai; baporezko turkiar sauna eta kontrasteko dutxak ditu, besteak beste, errekuperazio muskularrerako aproposak.
Lehen solairuan eta bigarrenean hiruna gela daude; solairu bakoitzeko gela bitan literak daude: sei ohe hiru literatan banatuta. Normalean baino ohe zabalago eta espaziotsuagoak dira “atsedena lehenetsi” dutelako Koikili Lertxundiren esanetan. Hirugarren gela lagun birentzakoa da, erosotasun denekin. Azken solairua fisioterapia zein estetika gelak eta erabilera anitzeko gelak osatzen dute.
Eraikin osoa ezgaituentzako egokituta dago (igogailua du) eta biomasa sistema darabil energia lortzeko.
Atzo hainbat gonbidaturen laguntzarekin egindako bisita gidatuan erakutsi zuten aterpetxe berria: Marino Lejarreta, Ruben Gorospe, Maider Unda, Iñaki Iza… batu ziren, beste kirolari batzuen artean. Bisita gidatuaren ostean, zuzeneko musika entzuteko aukera ere egon zen Gatibu taldeko Alex Sarduiren eskutik.