Euskara sustatzeko plangintza osatu gura dute herritarrekin batera

Anboto 2014ko mar. 31a, 09:00

Eguen bitan tailer bana egingo dute "Otxandio benetako euskararen arnasgune bihurtzeko". Euskararen arnasguneak zer diren eta zer garrantzi duten azalduko dute eguen honetan egingo duten tailerrean, 18:00ean hasita.

 

Gune geografiko euskaldunek euskararen normalizazio prozesuan duten garrantziaz jabetzeko, eta toki horietan eragiteko helburuz herriz herri tailerrak diseinatu dituzte Kontseiluak, Bertsozaleen Elkarteak, EHEk, EMUNek, Topaguneak eta UEMAk. Hurrengo tailer biak Otxandion izango dira: apirilaren 3an eta 10ean, 18:00etatik 20:00etara, Andresa Landan. Otxandioko Euskara Batzordeak herritarrei tailerretan parte hartzeko deia egin die, “Otxandio benetako euskararen arnasgune bihurtzeko”. Herri bat arnasgunea dela esaten da, herri horretan hizkuntza bat  erabilera arrunteko hizkuntza denean kaleko bizitzan, auzoan, familian, lagunartean zein lan munduan.


Apirilaren 3ko tailerrean arnasguneak zer diren eta zer garrantzi duten azalduko dute. Apirilaren 10ean herri mailan eragiteko esparruak definitu, eta aurrera begirako plangintza osatu gura dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!