Hileta zibilak egin ahal izateko ordenantza onartu du udalbatzarrak

Anboto 2014ko urt. 16a, 06:00

Abenduko azken udalbatzarrean onartu zuten hileta eta omenaldi zibilak egin ahal izateko lokal eta espazio publikoen erabilera eta baimenak erregulatzen dituen ordenantza. Ordenantzan jasotzen denez, udalak “geroz eta eske handiagoa daukan behar sozial honi” erantzun gura dio.

 

Hileta zibilak egiteko hiru gune bideratu dituzte: gimnasioa eta bolalekuko aretoa, toki itxian egin gura dutenentzat, eta bolaleku ondoko parkea, aire librean.  Hileta eta omenaldi zibilak asteko edozein egunetan egin ahalko dira, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Eskaerak udaletxeko erregistroan aurkeztu behar dira, hainbat daturekin batera: eguna eta ordua, tokia, eta izen-abizenak, adibidez. 

Eskatzaileak udal eraikinak erabiltzeko indarrean dagoen tasa ordaindu beharko du, udaletxean bertan edo transferentzia bidez: Otxandion erroldatuta daudenek 50 euro ordainduko dituzte aste barruan eta 70 euro asteburu eta jaiegunetan; Otxandion erroldatuta ez daudenek, berriz, 100 euro astegunetan eta 120 euro asteburuetan eta jaiegunetan. Eskatuz gero, udalak megafonia, mahaiak eta aulkiak utziko ditu.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!