Oinezkoen guneak "hobeto" errespetatzen dira isunak jartzen hasi zirenetik

Anboto 2014ko urt. 14a, 12:35

Isunak jartzera heldu beharra “pena bat” izan dela onartu du Santi Uribe alkateak

 

Horretara bideratuta ez dauden tokietan aparkatzen zuten autoei isunak ipintzen hasi ziren iazko azaroaren erdian. Udalak erabaki hori hartu zuen, hainbat kontzientziazio kanpaina eginagatik, batez ere zonalde jakin batzuetan txarto aparkatutako autoek oinezkoen joan-etorriak eta oinarrizko zerbitzuen (zabor bilketa…) jardunbidea oztopatzen zutelako. Ertzaintza ari da horretan, euren eskumena delako. Santi Uribe alkatearen esanetan, “arazo gehien zeuden tokietan orain hobeto errespetzan dira oinezkoentzako eta herriko zerbitzuentzako beharrezkoak diren eremuak”. Dena dela, puntu horretara heldu behar izana “pena bat” dela onartu du.


Autoak txarto aparkatuta dauden kasuak herri osoan ematen diren arren, arazorik larrienak, batez ere, erdigunerako sarretan izaten ei dira: Elixoste aldean, Uribarrena sarrera inguruan, Mainerrota auzoan eta Urigoienako sarreran.


 Udaletxera hainbat herritar joan izan da toki jakin batzuetan aparkatzea legezkoa den edo ez informazioa eskatuz eta baita beste herritar bat ere ipinitako isunaren gaineko argibide eske. “Horietaz gainera, ez dugu inolako kexarik jaso udaletxean”.


Aurrera begira, “dudak sortu diren eremuetan aparkatzeko aukeren azterketa egin eta seinaleztapena hobetu nahi da, herritarrek argi izan dezaten”.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!