Lopez de Lacalle askatzea exijitu dute

Anboto 2014ko urt. 10a, 10:30

130 lagun batu ziren atzo Egoitz Lopez de Lacalle askatzeko aldarrikatuz. Eguaztenean, EPPK-ko presoen bitartekarien kontrako operazioan atxilotu zuten otxandiarra Guardia Zibilek. Udalak atxiloketak arbuiatu ditu.

Atxilotuak Madrilen daude, komunikatuta. Zapatu eguerdia baino lehen eroan beharko dituzte epaile aurrera, atxilo-aldiaren arabera.

Otxandion lez, beste hainbat herritan ere mobilizazioak egin ziren atzo. Hainbat eragile eta sindikatuk deitu dituzte protestak. Durangon, esaterako, kontzentrazioa egin zuten Ezkurdin, eta gero Santa Ana plazaraino manifestazioan joan ziren.

Otxandioko Udalak ez ohiko udalbatzarra egin zuen, eta bertan mozio bat onartu zuten. Atxiloketak arbuiatu eta pertsona horiek askatzea exijitu dute. Gainera, senide eta lagunei elkartasuna helarazi diete. Eusko Jaurlaritzari eskatu diote Ertzaintza ez erabiltzeko "Guardia Zibilaren atal subsidiario" lez, eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. "Nabarmena da estatuko gobernuak ez duela bake prozesuan ekarpen positiborik egin nahi", adierazi dute. Horren aurrean, lana ei da aukera bakarra: "Bakearekin tematuta gaudenok aukera bakarra daukagu, orain arteko moduan oztopo eta zailtasunak gainditzeko lanari eustea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!