"Bidaia honek auzi honetan akuilu lana egin izana itxaroten dugu"

Anboto 2013ko abe. 10a, 08:40

Frankismoko krimenak epaitzeko prozedurari sostengua eman dio Santi Uribe alkateak Argentinan

Frankismoko krimenak epaitzeko prozedurari sostengua eman dio Santi Uribe alkateak Argentinan.

 

Buenos Airesera egindako bidaia “oso positiboa” izan dela adierazi du Santi Uribe Otxandioko alkateak. Frankismoko krimenen aurkako kereilak jartzeko euskaldun eta espainiar askok bertara egin duten bidaiari sostengua ematera joan da eta baita Otxandioko bonbardaketaren gaineko informazioa eskaintzera ere. Bost egunez egon da Buenos Airesen: “Positiboa izan da bertan izandako  kontaktuengatik eta Argentinako epaile eta erakundeek erakutsitako konpromiso irmoagatik”. Kereila jartzaileak batzen dituen Euskal Plataformak askotariko erakundeei luzatu zien gonbita eta Otxandioko udalagaz batera, Eusko Legebiltzarreko giza eskubideen batzordeko ordezkariak joan dira, besteak beste.


Buenos Airesen, Uribe alkateak Maria Servini epailearekin aurrez aurre berba egiteko aukera izan zuen. Harrera horretan iaz udalbatzar batean onartutakoa (besteak beste, bonbardaketako biktimak salatzaile partikular modura aurkeztera animatzea onartu zen, aho batez) gogorarazi eta bonbarkaketaren gaineko xehetasunak eman zizkion. Era berean, azken urteetan udalaren bultzadagaz landutako ikerlan desberdinen dokumentazioa eta Andinokako Adierazpena eskura eman zizkion eta auzi honetan azkenera arte jarraitzeko eskaria luzatu zion.

 

\"\"

 


Senatu eta kongresuko ordezkariekin


Euskal Herrira itzuli aurretik, Argentinako hainbat erakundetako ordezkariekin egoteko aukera izan zuen: Senatuko ordezkaritza batekin eta Argentinako Kongresu Nazionaleko giza eskubideen batzordearekin, besteak beste. Prozesu honi bultzada emateko eskatu zien alkateak.


Horiek horrela, Argentinarako bidaiak “auzi bide honetan akuilu lana egin izana “ itxaroten du Uribek: “Auziak bultzada berritua hartzeko balio izana espero dugu, gure herriari, eta orokorrean sasoi haietako biktima guztiei, zor zaien justizia eta erreparazioa gauzatzeko bidean urratsak ematen jarraitzeko”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!