Frankismoko krimenen kontrako prozesuari babesa emateko bidaia Argentinara

Anboto 2013ko aza. 21a, 08:30

Euskal Plataformak azaro amaieran Argentinara antolatu duen bidaian parte hartzeko eskaintza onartu du Otxandiok, eta prozesuari sostengua emango dio

Euskal Plataformak azaro amaieran Argentinara antolatu duen bidaian parte hartzeko eskaintza onartu du Otxandiok, eta prozesuari sostengua emango dio.

 

Espainiako estatuko estamentu judizialetan itxita aurkitu duten atea zabalik aurkitu dute frankismoko biktima askok eta askok Argentinan. Izan ere, Maria Servini epaile argentinarrak frankismoko krimenen kontrako hainbat kereila bideratu ditu. Horrela, Euskal Plataformak askotariko biktimen kereilak ipintzeko bidaia antolatu du azaro amaieran. Aurretik beste bitan joanak dira. Honako honetan hainbat erakunderi ere luzatu diete parte hartzeko gonbita, tartean Otxandioko Udalari. Udalak proposamena onartu, eta udalaren ordezkari nagusi den neurrian, Santi Uribe alkatea izango da Argentinara joango den segizioko kideetako bat. Azaroaren 30ean joan, eta abenduaren 5ean itzuliko da.

 

Frankismoko krimen eta gehiegikeriak ez ahazteko lanean dabiltzan elkarteen bilgunea da Euskal Plataforma. Plataforma horren bidez egin diote eskaintza Otxandiori, 36ko Gerran bonbardatu zuten herrietako bat izan zelako. Beste herri batzuetara ere luzatu dute proposamena. Alde batetik, frankismoko krimenak aztertzeko prozedurari “sostengua eta bultzada ematea da helburua”, adierazi du Uribe alkateak, baina, horrez gainera, Maria Servini epaileari Otxandioko bonbardaketaren gainean testigantza aurrez aurre emateko aukera izango du. Euskal Plataformak abenduaren 2an lotu du epaile argentinarragaz bilera.

 

Kereila jartzaileak

Argentinara egingo duten hirugarren bidaia hau orain arteko handiena izango dela adierazi du Euskal Plataformarenizenean joango den Josu Ibargutxik. Hogeita bost bat kereila jartzailegaz batera, ordezkari instituzional ugari joatea espero dute: alkateak, Giza Eskubideen batzordeko legebiltzarkideak, alderdi batzuetako ordezkariak… Kereila jartzaileek hamar bat egun emango dituzte Argentinan. Kereila ipiniko dutenen artean daude Jon Arrizabalaga (torturak jasan zituen Andoni Arrizabalagaren anaia), Andoni Chasco (1976an Gasteizen izan zen langileen grebako biktimetako bat) eta Felipe Eizagirre frantziskanoa (torturak jaso zituen, eta sasoi hartan torturak jasotako apaiz askoren ordezkari gisa doa).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!