Otxandion hasi eta amaitu, Urkiola pasatuta

Anboto 2013ko aza. 15a, 08:37

Indusi, Saibigain eta Urkiolatik zehar mendiko bizikletaz egin daitekeen ibilbideak Otxandion dauka irteera

Indusi, Saibigain eta Urkiolatik zehar mendiko bizikletaz egin daitekeen ibilbideak Otxandion dauka irteera

 

Otxandiok paraje ikusgarrietatik kirola egiteko aukera eskaintzen du, tartean, Urkiola gurutzatuta. Mendiko bizikleta hartuta ibilbide atseginen hasiera eta helmuga da herria.

 

Ibilbideetako batek Otxandioko plaza du abiapuntu, eta erreka albotik doan bidegorria jarraitu behar du txirrindulariak Mekoletako bidegurutzeraino. Altunganeraino eragin beharko die pedalei, futbol zelai paretik pasatzen den pista hartuta. Hurrengo urratsa Eguskin auzoraino jaistea izango du, eta gero Urrekoatxa mendateraino. Gora ailegatu orduko, Indusira eroango duen pista bat hartuko du bizikletariak. Indusi auzoa zeharkatu, eta goranzko zati gogor bati ekin beharko dio orduan.

 

Pinudi bat igaro eta pistatik aurrera segituko du txirrindulariak, Errialtabasoren behealdetik. Bide horretatik jarraituta, Saibigain mendia inguratuko du.

 

Urkiolatik etxera

Saibigainetik beherantz jo, eta Urkiolara helduko da txirrindularia. Atseden hartzeko leku aproposa izan ahal da; paisaje ederrean, gainera. Urkiolako santutegiaren atzetik pista hartu, eta Otxandiora joatea izango da ibilbideko azken pausoa. Lehenengo ,apur bat gora egitea eskatuko du ibilbideak, baina gero beheranzkoa izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!