Abentura parkea gaur inauguratuko dute

Anboto 2013ko ira. 20a, 13:23

Abuztua azpiegitura guztiak behar moduan atontzeko erabili ostean, Hontza Extrem abentura parkea gaur, 19:30ean, inauguratuko dute

Abuztua azpiegitura guztiak behar moduan atontzeko erabili ostean, Hontza Extrem abentura parkea gaur, 19:30ean, inauguratuko dute.

 

Bertaratzen diren guztiei abentura parkea osatzen duten azpiegiturak erakutsiko dizkiete bisita gidatu baten bidez. Ondoren, abentura parkeko harrera gunera bueltatu, eta bisitarien dudak argitu eta iritziak jasoko dituzte. Zapatutik aurrera, egunero egongo da zabalik.

 

Hontza Extrem abentura parkea, Otxandiotik Aramaiorako bidean, Olazar deitzen den ingurunean kokatuta dago, eta Otxandion bizi diren hiru lagunen ekimena da, Joseba Gartzia, Josu Abaunza eta Ainara Balantzategiren ekimena. Parkeak 2,5 hektarea ditu, eta hedaduraz Euskal Herriko abentura parkerik handiena da. Aisia eta kirola uztartzeko helburuagaz, jarduera guztiak naturagaz eta ingurumenagaz kontaktu zuzenean burutuko dira. Hiru jarduera nagusi dituzte: zuhaitzetako ibilbideak, arku-tiroa eta zuhaitzetako eskalada.

 

Zuhaitzetan zehar sei ibilbide eskainiko dituzte. Horietako bat (Mirugain gunea) gaztetxoei zuzenduta dago: 1,40 metro baino gutxiago neurtzen dutenentzako. Gainerakoak altuera horretatik gorakoentzat dira. Ibilbide bakoitzak hainbat erronka (zubiak, tunelak, sareak…) aurreikusten ditu, eta parte hartzaileen abilezia eta ausardia neurtuko ditu. Erronka denak modu seguruan egin daitezke, parte hartzaileak une oro arnes bategaz segurtatuta egongo direlako. Hala ere, erronkaren bat egin gura ez duenak, ibilbideagaz aurrera jarraitzeko aukera izango du, bigarren bide errazago bat dutelako ibilbide denek.

 

Zuhaitzeko eskalada guneak, aldiz, oreka, psikomotrizitatea eta konfiantza lako esparruak jorratzeko aproposak direla diote sustatzaileek.

 

Eskaintza horiez gainera, abentura parkeak beste hainbat azpiegitura ditu: aparkalekua, denda, jateko gunea… Informazio gehiago www.hontzaextrem.com  webgunean.

 


"Mundu osoak parte hartzeko parkea eraiki gura genuen"


 \"\"

Zer egingo duzue gaurko inaugurazio ekitaldian?

Azpiegiturak bisitatu gura dituzten guztiei gonbita luzatu diegu. Bisita gidatua hasi aurretik lunch bat eskainiko dugu. Ondoren, abentura parkeko zirkuituak bisitatuko ditugu, azpialdetik, zuhaitzetara igo barik. Gero, harrera gunera bueltatuko gara, eta batukada bat egongo da. Ondoren, seguru, herrigunean ere jaiak apurren bat jarraituko duena.

 

Abuztuan irekitzeko asmoa zenuten eta azkenean irailera atzeratu duzue.

Kontu bategatik edo beste bategatik, atzeratzen joan dira eraikuntza lanak, baina azkenean heldu da eguna! Azken batean, horrelako ekimen bat martxan jartzeko hamaika lan daude, eta egunotan ere hementxe gaude, asteburuak barne, dena prest egon dadin.

 

Eskaintza zabala da, eta ibilbideak askotarikoak. Nork diseinatu ditu?

Zuhaitzetako ibilbideak, eta ibilbide horietan dauden erronkak (tirolinak, zubiak eta abar) diseinatzeko Frantziako enpresa bat kontratatu dugu. Esperientzia zabala dute horrelako planak egiten. Lehen proposamen bat bidali ziguten, eta horri guk gure ekarpenak egin genizkion. Orain parkean ikusi daitekeena prozesu horren guztiaren emaitza da.

 

Zer irizpideren bueltan diseinatu dira ibilbideak?

Alde batetik, mundu guztiak egiteko moduko zerbait eskaini gura genuen. Bestetik, zirkuitu bakoitza ere erronka bat izatea gura genuen. Bien arteko uztarketa bilatu dugu. Horregatik, erronkaren bat egiteko kapaz sentitzen ez denak bide alternatibo bat izango du, errazagoa. Modu horretara, denek jarraitu ahalko dute ibilbidean aurrera.

 

Abentura parkea egunero zabalduko duzue?

Bai, asteko zazpi egunetan eta urteko 365 egunetan. Astelehenetik eguenera, 10:00etatik 17:00etara neguan, eta 10:00etatik 19:00etara udan. Barikutik domekara, aldiz, 18:00ak arte neguan, eta 21:00ak arte udan.

 

Zer aukera du Otxandion gaua igaro gura duenak?

Proiektuaren oinarrietako bat turismoa erakartzeko herrian sinergia sustatzea izan zen. Herriko landetxe eta jatetxeekin berba egin, eta denen artean pack berezi batzuk osatu ditugu. Horietako batek,adibidez, lo egiteko tokia edo bazkariak, eta parkerako sarrera batzen ditu.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!