Basobisitan mugarriak bisitatuko dituzte gaur

Anboto 2013ko ira. 14a, 09:36

Domekan, 08:00etan, irtengo dira udaletxe aurreko plazatik

Domekan, 08:00etan, irtengo dira udaletxe aurreko plazatik.

 

Iraileko hirugarren domekan ohi duten moduan, domekan, 08:00etan, Basobisitan irtengo dira otxandiarrak mugarriak bisitatzeko. Atabalariaren erritmoak lagunduta, mugarrien egoera aztertu ez ezik, ondoko zuhaitzetan markak egingo dituzte herriko mugak markatzeko. Gomilazen, talde bitan banatuko dituzte parte hartzaileak. Talde bat Ubide, Zeanuri eta Dima alderantz joango da; bigarren taldeak Legutio eta Aramaio inguruko mugak ikuskatuko ditu.

 

Oletara heltzen direnean, udal idazkariak akta jasoko du, eta bertan udal ordezkariek ez ezik, herritarrek ere sinatu ahal izango dute. Ibilbidean zehar bakailao otartekoak eta ardoa banatuko dituzte. Talde biak Andaparaluzetan elkartuko dira, eta talde bakarrean batuta, herrigunera itzuliko dira berriro, 13:00 inguruan.

 

Historikoki tirabirak izan dituzte Aramaiok eta Otxandiok Limitadua izenagaz ezagutzen den lur zati baten jabetzaren inguruan (500 hektarea ditu). 1754an sortu zen Otxandion Limitadua-ren mugak urtero-urtero ikuskatzeko ohitura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!