Otxandiarrek urteroko bisita egingo dute Leintz Gatzagara

Anboto 2013ko ira. 7a, 08:52
08:00etan irtengo dira plazatik; bazkaritarako mahai eta aulkiak gatzagarrek atonduko dizkiete

08:00etan irtengo dira plazatik; bazkaritarako mahai eta aulkiak gatzagarrek atonduko dizkiete.

 

Urteroko ohiturari eutsiz, Otxandio eta Leintz Gatzaga banatzen dituzten 15 kilometroak oinez egingo dituzte otxandiarrek domeka honetan. 08:00etan ipini dute hitzordua Plaza Nagusian. Dorletako Amabirginaren baselizan meza entzun ondoren, eguerdian ongietorria egingo diete gatzagarrek. Egunotan jaiak ospatzen ari dira. Urtero legez, pilotaleku estalian mahaiak eta aulkiak prest izango dituzte nork bere etxetik ekarritako bazkaria jateko.

 

Antza denez, ohitura honen sorburua honako hau da: sasoi batean Leintz Gatzagak ez zuen musika bandarik, eta Otxandiokoa gonbidatzen zuten herriko jaiak alaitu zitzan. Musika bandak oinez egiten zituen herri bien arteko kilometroak. Urtea joan eta urtea etorri, herritarren artean bidelagun berriak aurkitu zituzten, bazkaria zorroan hartu, eta Leintz Gatzagaraino joateko prest zeudenak. Ohitura horrek gaur egun ere badirau.

 

Aurten egun hori asteburuan denez, etzi, herritar dezente batzea espero da. Oinez doazenen eta kotxez doazenen artean 150-200 lagun batu izan dira Leintz Gatzagan bazkaritara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!