Herbehereetako biogas planta bat bisitatu dute

Anboto 2013ko uzt. 16a, 11:15
Ekainean Amsterdaneko biogas planta bat bisitatu zuten Otxandioko Udaleko, Energiaren Euskal Erakundeko eta Onitek enpresako ordezkariek.

Ekainean Amsterdaneko biogas planta bat bisitatu zuten Otxandioko Udaleko, Energiaren Euskal Erakundeko eta Onitek enpresako ordezkariek.

 

Udalak biometanizazio planta bat egiteko aurreproiektua egin zuen 2011n. Ikerketa hori EEErekin (Energiaren Euskal Erakundea) elkarbanatu eta honi ideia ona iruditu zitzaion. Horrela, udala, EEE eta Onitek enpresa (biogasaren gaietan adituak dira) bideragarritasun azterketa bat egiten hasi ziren. Ikerketa egiten hasi eta berehala, energia berriztagarrien bidez sortutako energia elektrikoagatik ematen zituzten hobariak bertan behera utzi zituen Espainiako Gobernuak. Hobari horiek gabe proiektua ez zen bideragarria eta alternatibak bilatzeari ekin zioten.

 

Hobariak kendu arte honako hau zen buruan zerabilten eredua: biogasa erretzean argindarra sortuko zuten eta energia hori sare zentralera saltzearren hobariak lortuko zituzten; Gainera, prozesu horretan sortutako berotasuna herriko eraikinetarako aprobetxatu gura zuten, ur bero moduan. Bide hori baztertu ondoren, orain honako ideia hau jorratzen dabiltza: biogasa zuzenean etxe bakoitzeko galdaretan erretzeko moduan prestatzea. Baina bide hori posible izan dadin gasa prozesu baten bidez purifikatu beharra dago. Normalean prozesu horrek makinaria handia eta kimika asko eskatzen ditu. Baina Herbehereetan, Amsterdanetik gertu, bada enpresa bat prozesu hori kimika gutxirekin eta modu konpaktuan egiten duena. Eta, hain zuzen, ekainean enpresa hori bisitatu zuten Otxandiko Udaleko ordezkariek (Santi Uribe alkatea tartean), eta, EEEko eta Onitek enpresako ordezkariek. Bertan jasotako informazioa bideragarritasun plana egiteko baliagarri izango zaiela adierazi dute udal ordezkariek. Plan hori udazkenerako prest izatea gura dute, ondoren herritarrekin elkarbanatu eta eztabaidatzeko.

 

“Aukerak badaude” adierazi du Santi Uribe alkateak, baina “zailtasun ugari ere bai”. Uriberen esanetan, “aukera ona izan daitekeela uste dugu eta bide hori probatzen ari gara, baina ikusi egin beharko da bideragarritasun planak zer planteatzen duen”.

 

Herbehereetara egindako bisitaren une bat:

 

\"\"

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!