Matrikula ordaintzen lagunduko diote euskara ikasten duenari

Anboto 2013ko eka. 26a, 11:24
Laguntza, matrikula kostuaren%50era artekoa da; uztailaren 5era arte egin daitezke eskaerak

Laguntza, matrikula kostuaren%50era artekoa da; uztailaren 5era arte egin daitezke eskaerak.

 

Otxandion bertan zein handik kanpora (barnetegietan, ohiko ikastaroetan…), euskara ikasten duten herritarrek dirulaguntza eskatu dezakete udaletxean. Laguntza, gehienez, matrikula kostuaren %50era artekoa izango da, eta uztailaren 5ean amaitzen da eskaerak egiteko epea.

 

Dirulaguntzak eskatu ahal izateko, lau baldintza bete behar dira: Otxandion erroldatuta egotea, eskoletarako asistentzia gutxienez %80koa izatea, matrikula ordainduta izatea, eta zerga betebeharrak egunean izatea. Eskaera orria udalaren webgunean dago eskuragarri.

 

Ludoteka esleipenean

 

Bestalde, ludoteka zerbitzuaren kudeaketa lehiaketa publikora atera du udalak. Esleipena bederatzi hilabetekoa izango da (2013ko urritik 2014ko uztailera), eta kontratua beste ikasturte batez luzatu daiteke alde biak ados badaude. Eskaintzak udaletxean aurkeztu behar dira hamabost egun naturalen barruan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!