Errementaritzaren gaineko azterketa egingo du Iñaki Perera historialariak

Anboto 2013ko eka. 11a, 09:15
Irailean hasi eta datorren urteko martxora arte Otxandiok errementaritzagaz izandako lotura aztertuko du

Irailean hasi eta datorren urteko martxora arte Otxandiok errementaritzagaz izandako lotura aztertuko du.

 

Otxandio errementari askoko herria izan da. Herriko bertako burdinoletatik ateratako zein kanpotik ekarritako materialagaz errementariek kateak, ferrak eta iltzeak egiten zituzten, besteak beste. Orain, herriak erremintaritzagaz izandako lotura sakon hori argitara atera gura du udalak eta horretarako erremintarien inguruko azterketa bat abiatzea erabaki du.

 

Aurreko legegintzaldian sortu zen azterketa hori egiteko ideia. Ordutik, une egokiaren bila aritu dira eta orain aurrera eramatea erabaki dute. Eusko Ikaskuntzari agindu diote azterketa hori egitea eta Eusko Ikaskuntzak Iñaki Perera historialariaren esku utzi du azterketa. Batez ere artxiboko lana egingo du, baina herritarrekin ere egongo da, azterketa osatzeko baliagarria izan daitekeen informazioa batzeko. Esaterako, orain urte batzuk Vicinay S.A. enpresan sasoi bateko sutegia aurkitu zuten eta, enpresako lan batzuen ondorioz desagertu ez zedin, herritako talde batek desmuntatu eta gorde egin zuen, egunen baten azpiegitura historiko baliotsu hori herriko beste txokoren batean muntatu eta herritarren eskura jartzeko. Eguen arratsaldean herriko talde hori Iñaki Pereragaz batzartuko da sutegi horren gainean dakitena kontatzeko.

 

Irailean hasi eta 2014ko martxoa arte luzatuko den azterketaren ondoren, informazio hori guztia zelan kudeatu erabakiko du udalak; hau da, zelan gizarteratu. Udaleko baliabide ekonomikoen arabera egingo dutela adierazi dute.

 

Eusko Ikaskuntzak eta udalak hitzarmen bat dute eta honako hau ez da Otxandiorako egingo duten lehenengo azterketa. Aurretik Zigor Olabarriak gerra zibilaren eta bonbardaketaren gaineko azterketa bat egin zuen artxiboetatik informazioa jaso eta hainbat herritarri elkarrizketa eginda. Ondoren, bonbardaketaren 75. urteurrenean liburu bat argitaratu zuten.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!