Mainondon frontoi azpiko espazioa zelan aprobetxatu aztertuko dute

Anboto 2013ko eka. 4a, 10:13
Orain oso gutxi erabiltzen diren lau aldagela eta taberna bat daude

Orain oso gutxi erabiltzen diren lau aldagela eta taberna bat daude.

 

Herri Ola egitasmoko atal batek Mainondo inguruan aurkitzen diren kirol azpiegiturak berrantolatzea eta osatzea ditu helburu. Prozesu hori udalaren eta arlo horretan lanean dabiltzan askotariko agenteen arteko lankidetzagaz  bideratuko zutela jaso den egitasmoan. Bide horretatik, maiatz hasieran batzar bat egin zuten kultur etxean Maindoko kirol azpiegiturei zer modutako aprobetxamendua eman eztabaidatzeko.

 

Mainondoko frontoi azpian hobeto aprobetxatu daitekeen espazio bat dago: oso gutxi erabiltzen diren lau aldagelek (gimnasio berriagaz, frontoi azpikoak futbol taldeak bakarrik erabiltzen ditu) eta bat ere erabiltzen ez den taberna batek osatzen dute espazio hori: “Talde bat osatuko da Mainondo inguruan zer gura dugun aztertzeko. Ondoren asmoa horiek gaur egungo errealitate ekonomikora ekarri beharko dira. Orain ez dago kiroldegi bat edo antzerako azpiegitura bat egiteko modurik. Aurtengo urtea premiak eta eskariak aztertzeko eta zer kostu izango luketen kalkulatzeko erabiliko dugu”, azaldu du Santi Uribe alkateak. Kultur etxeko batzarrean hainbat proposamen irten ziren. Esaterako, aukera bat izan daiteke lau aldageletatik bi bakarrik uztea eta taberna ere kentzea.

 

Espazio hartan zer egin erabakitzen denean, lanak auzolanaren bidez bideratzea da udalaren ideia: proiektua udalak egingo luke eta ahal den neurrira arte (hormak bota, obra-hondakinak atera…) auzolana bultzatzea gustatuko litzaieke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!