Hileta zibilagaz agur esango diote gaur Joseba Kanpori

Anboto 2013ko mai. 31a, 09:14
Korrikaren sortzaileetakoa izan zen Joseba Kanpo astelehen goizaldean hil zen

Korrikaren sortzaileetakoa izan zen Joseba Kanpo astelehen goizaldean hil zen.

 

Joseba Kanpo, AEKko kidea, Korrikaren sustatzailea eta lehenengo Korriketako antolatzaile eta arduradunetakoa, astelehen goizaldean hil zen gaixotasun baten ondorioz. Deustuko IMQ erietxean zegoen ingresatuta. Gaur, 19:00etan, hileta zibila egingo dute Mainondo eskolan azken agurra emateko.

 

Kanpo Bilbon jaio zen, baina familia Otxandiokoa zuen eta han egin zuen ia bere bizitza osoa. “Korrikaren alde ez ezik, euskararen alde ere lan oparoa egin zuen, erreferentea izan zen bere sasoian; galera handia da eta gure doluminak eman gura dizkiogu familiari”, adierazi du Gasteizko bulegotik Otxandioko AEKko klaseak kudeatzen dituen Oskar Bustok.

 

Lehenengo Korrika 1980an egin zuten Oñatitik Bilbora, eta Kanpo sustatzaile zuzenetako bat izan zen lehen edizio hartan eta hurrengoetan. Urte birik behin egiten den euskararen aldeko ekimena lehenengoz antolatu zuen taldeko partaidea izan zen. Azken Korrikan ere, hamazortzigarrenean, Korrikaren lekukoa eroan zuen Getxoko Erromo auzoan. Kanpok euskararen aldeko lasterketa erraldoiaren beste sustatzaile batekin, Urtsa Erraztirekin, Lourdes Artetxe Uribe Kostako AEK-ko irakasle historikoaren omenezko kilometroan parte hartu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!