Kirola, musika eta bazkaria prestatu dituzte Udaberri Jairako

Anboto 2013ko api. 19a, 08:27
Zapatuan Udaberri jaia ospatuko dute Otxandion. Herriko hainbat elkarteen laguntzagaz askotariko ekitaldiak prestatu dituzte

Zapatuan Udaberri jaia ospatuko dute Otxandion. Herriko hainbat elkarteen laguntzagaz askotariko ekitaldiak prestatu dituzte.

 

Goizetik eguerdira kirol jarduerak eta umeentzako jolasak prestatu dituzte udaletxe aurreko plazan. Kirol ekitaldiei dagokionez pilota, saskibaloi edo futbolean aritzeko aukera eskainiko dute. Ekintza denei ukitu berezia ematen ere saiatuko dira. Horrela, saskibaloian Otxandioko taldeko nesken eta euren gurasoen arteko partidua antolatu gura dute; futbolean, berriz, Vulcano taldean jokatu duten jokalariekin prestatu gura dute partidua: herritik kanpokoak direnak (Gasteiz, esaterako) herrikoen kontra; edo, orain Vulcanon jokatzen ari direnak jokatu izan dutenen kontra.  Azkenik, pilotan ‘putxe’ izenagaz ezagutzen duten jokamoldean parte hartzeko aukera eskainiko diete herritar denei.

 

Eguerdian, umeentzako jolasak egongo dira. ‘Altxorran bila’ izeneko ginkana bat prestatuko dute eta, besteak beste, aurpegiak apuntatzeko margo tailerrak ere egongo dira. Ondoren, 15:00 inguruan, bazkari herrikoian batuko dira plazan bertan.

 

Arratsaldean, 19:00 inguruan, triki-kantu-dantza poteoa egingo dute herriko kale eta tabernetan zehar. Soinubil kultur elkartekoak abesti sorta entseiatzen aritu dira zapatuko ekitaldiari begira. Udaberri Jaiari amaiera emateko Sermond´s, Indarrap eta Luhartz taldeak kontzertua eskainiko dute 23:00etatik aurrera.  

 

Antolatzaileen aurtengo helburua herriko elkarte eta eragileak gehiago inplikatzea izan da azken urteetan indarra galdu duen Udaberri Jaia biziberritzeko. “Gure eskaerak erantzun ona izan du elkarteen partetik. Alde horretatik gustura gaude. Gainera eguraldi ona egingo duela dirudi beraz herritarrei jaietako ekitaldietan parte hartzeko deia egin gura diegu”, adierazi du Oihana Sanchez jaietako antolatzaileetako batek.

 

Iaz Otxandio eta Aramaioko gazteen arteko olinpiadak egin zituzten:

\"\"

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!