Senitarteko eta lagunek 6.000 euro batu gura dituzte joan zen astean bere etxean hilda aurkitu zuten Elhadji Niang senegaldarra aberriratzeko.
Joan zen eguaztenean, otsailaren 13an, Otxandioko bere etxean hilda aurkitu zuten 26 urteko Elhadji Niang senagaldarra. Aulasa enpresan lan egiten zuen eta goiz hartan lanera joan ez zenez, bere lankideak etxera joan ziren kezkatuta. Inork erantzun ez eta ertzainei deitu zieten. Ertzainek atea zabaldu eta barrura sartzean, bere gelan hilda aurkitu zuten Niang. Oraindik, inork ez daki zein izan zen heriotzaren arrazoia: “Bihotzekoa izan den, gasa arnastuta hil den… ez dakigu, egia esanda. Bere senitarteko batek autopsia egin dutenei galdetu die, baina oraindik ez du informazio hori lortu”, adierazi du Toma Garcia Niang-en lankideak.
Niang-ek hainbat senitarteko ditu Euskal Herrian eta Otxandion bertan ere bai baten bat. Haiek eta Senegalen bizi diren Niang-en amak eta emazteak (ez du seme-alabarik) gorpua aberriratu egin gura dute eta horretarako diru-bilketa hasi dute. 6.000 euro behar dituzte gastuei aurre egiteko. “Herriko komertzio eta tabernetan itzulapikoak ipini ditugu gura duenak bere aportazioa egin dezan. Aulasa enpresako langileak ere laguntzen ari gara ahal dugun heinean”, dio Garciak. Otxandion bizi den Niang-en senitartekoak (honek ere Aulasan lan egiten du) jakinarazi dionez aste honen bukaera aldera aberriratu gura dute gorpua.