Ohiko zerbitzuei eutsi eta inbertsioak mugatu dituzte

Anboto 2013ko urt. 31a, 13:06
Atzo egindako udalbatzarrean, 2013ko aurrekontuak onartu zituzten

Atzo egindako udalbatzarrean, 2013ko aurrekontuak onartu zituzten.

 

Atzo egindako udalbatzarrean 2013ko aurrekontuak onartu zituzten gobernu taldearen (Bildu) aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen; oro har, proposamenaganaz ados dauden arren, alkatearen liberazioagaz ez daudelako konforme. Santi Uribe alkatea lanaldi herenean dago liberatuta.

 

Guztira, 1.494.365 euroko zenbatekoa du sarrerak eta gastuak orekatuta dituen aurrekontuak. 2011. urtea 94.000 euroko defizitagaz itxi zuten, eta 2012a 87.000 euroko superabit-agaz ixtea lortu dute. Soberakin hori urtean zehar sortu daitezkeen ustekabeko gastuetarako gordeko dute. Aurrekontuak koadratzerako orduan, Aldundiko Udalkutxari aurten itzuli beharreko kopuruari (77.000 euro) eta Udalkutxatik jasoko duten zenbatekoaren murrizketari (iaz baino 50.000 euro gutxiago) aurre egin behar izan diote.

 

Ohiko gasturik gehienak (kultura, gizarte laguntza…) mantendu egingo dituzte: "Ohiko gastu horiek ondo dimentsionatuta daudela uste dugu, eta murrizketarik ez egitea erabaki dugu" adierazi du Santi Uribe alkateak. Kanpora ateratako zerbitzuak (berdeguneen zainketa…), ostera, ahalik gehien doitu dituzte. Inbertsioak, batez ere, aurreko urteetan hartutako konpromisoak (erresidentzia ondoko etxea erostea…) ordaintzen jarraitzera mugatuko dituzte. Horrez gainera, Oletatik Mainondorako ur hoditeria eta ur depositu biak konponduko dituzte aurten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!