Etxe kaleratzeen kontrako mozioa onartu dute

Anboto 2013ko urt. 22a, 08:31
Etxe kaleratzeak geratzeko exijitzen duen eta, kasurik ematen bada, horren aurrean Otxandioko Udalak hartuko duen jarrera definitzen duen mozioa aho batez onartu dute Bilduk eta EAJk udalbatzarrean

Etxe kaleratzeak geratzeko exijitzen duen eta, kasurik ematen bada, horren aurrean Otxandioko Udalak hartuko duen jarrera definitzen duen mozioa aho batez onartu dute Bilduk eta EAJk udalbatzarrean.

 

Euskal Herria Bildu, ordezkaritza duen udal denetan etxe kaleratzeen kontrako mozioa aurkezten ari da. Otxandion ere aurkeztu zuten joan zen asteko udalbatzarrean eta aho batez onartu zuten Bilduk eta EAJk.

 

Etxebizitza eskubidea eskubide soziala dela azpimarratzen du mozioak eta “benetan eskandaluzkoa dela erreskatetik etekinak ateratzen ari diren edo aterako dituzten bankuek, herritarrak etxerik gabe uzten jarraitzea”.

 

Egoera horren aurrean, etxe kaleratze denak (baita alokairu erregimenaren baitan ematen direnak ere) “denbora mugagabean bertan behara uzteko” exigitu eta arlo horretako “legediaren aldaketa” eskatzen dute. Horrez gainera, etxe kaleratzeen gaiagaz duten jarreraren arabera, “kreditu entitateekin duen hartueman instituzionala, ekonomikoa eta elkarlana berrikusi egingo ditu”.

 

Era berean, kasurik emango balitz, “ohiko etxebizitzaren etxe kaleratzea nozitu duten herritarrei zein egoera horren arriskuan daudenei informazioa eta laguntza emateko baliabideak” jarriko ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!