Aurrekontu proposamena herritarrei aurkeztuko diete barikuan

Anboto 2013ko urt. 21a, 10:10
Otxandioko Udaleko 2013ko aurrekontuen proposamena azalduko dute udal ordezkariek urtarrilaren 25ean, 19:00etan, kultur etxean.

Otxandioko Udaleko 2013ko aurrekontuen proposamena azalduko dute udal ordezkariek urtarrilaren 25ean, 19:00etan, kultur etxean.

 

Batzar horretan aurrekontuetako zehaztapen guztiak emango dituzte eta herritarrek ekarpenak egiteko aukera izango dute. Ondoren, urtarrilaren 30eko eguaztenean, 20:00etan, aurrekontuak onartzeko udalbatzarra egiteko asmoa dute.

 

Abenduko Guzurmaiko aldizkarian aurten aurrekontuak osatzeko erabilitako irizpideak azaltzen ditu udalak. Krisi ekonomiko globaren eraginetik ezin direla libratu diote eta, horregatik, 2013ko aurrekontuak azken urteetako estuenak izango direla.

 

Ohiko gastuei dagokionez, kultura , hezkuntza eta gizarte laguntzen ataletako gastuak orain arte moduan mantenduko dituzte eta, gainerakoak, aldaketa batzuekin mantentzea posible izango dela diote.  Aldeketak, batez ere, kanpora ateratako zerbitzuetan emango dira (berdeguneen mantenua, aholkularitza teknikoa…).

 

Ez ohiko kontu eta gastuei dagokionez, inbertsioak egiteko geratuko zaien soberakina oso txikia izango da eta beste erakunkeetatik etorritako laguntzak ere asko gutxitzen ari dira. Horrela, aurretik konprometitua dituzten inbertsioak kenduta (erresidentzia ondoko etxea…) gauza gutxi egiteko aukera geldituko omen da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!