KPIaren araberako 3,4ko igoera orokorra onartu dute

Anboto 2012ko aza. 13a, 08:38
Oro har, KPIaren araberako 3,4ko igoera onartu dute zergetan eta tasetan. Salbuespenen artean Ondasun Higiezinen zerga dago; bere horretan mantenduko dute

Oro har, KPIaren araberako 3,4ko igoera onartu dute zergetan eta tasetan. Salbuespenen artean Ondasun Higiezinen zerga dago; bere horretan mantenduko dute.


Joan zen egueneko udalbatzarrean aurtengo ordenantza fiskalak onartu zituzten aho batez. Oro har, KPIaren araberako 3,4ko (2011ko irailetik 2012ko irailera KPIak izandako igoera hartu dute oinarri moduan) igoera orokorra onartu dute. Igoera hori izango dute estolderia, ibilgailu, garaje, taberna, tabernetako terraza, elkarte gastronomiko eta lonjen zerga edo tasek, besteak beste. Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga, berriz, bere horretan mantendu dute (%0,8an).


Eraikuntzen, Azpiegituren eta Obren Gaineko Zerga, aldiz, moldatu egin dute. Aurten arte, arlo horretako zergek ehuneko desberdinak zituzten eta arazoak sortzen ziren mota bateko edo besteko obrak ziren erabakitzerako orduan. Obrak sailkatzeko orduan sortzen ziren zailtasunak. Beraz, prozedura sinplifikatu eta errazteko honako erabakia hartu dute: mota horretako zerga denak %5ean bateratuko dituzte; denei ehuneko bera ipini diete. Ondoren, obra konkretu batzuei hobariak emango dizkiete.


Horrela, energia eraginkortasuna eta energia iturri jasangarriak aintzat hartzen dituzten obrei %95era arteko laguntza emango diete zerga horretan. Irisgarritasuna hobetzea eta eraikuntzetako oztopo arkitektonikoak kentzea kontuan hartzen duten obrek %75eko laguntza jasoko dute. Lanpostu berriak sortzea ekarriko duten obrak ere hobari bidez laguntzea erabaki du udalak. Bide horretatik, egin beharreko obren ondoren lanpostu berri egonkorrak sortzen dituztenek %75eko laguntza hartuko dute. Eraikin zaharrak eraberritu gura dituztenek %70eko hobaria jasoko dute. Azkenik, gaixotasun edo ezintasun baten ondorioz, etxebizitzan obrak egin behar dituztenak %95era arte lagunduko ditu udalak Eraikuntzen, Azpiegituren eta Obren Gaineko Zergan.

 

Eguenekoa ordenantza fiskalen hasierako onarpena izan zen. Orain alegazioak aurkezteko epea hasiko da arau fiskalak behin betirako onartu aurretik.


Egueneko udabalbatzarrean udal belardiak eta basoak aprobetxatzeko ordenantza ere behin betiko onartu zuten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!