Enplegua bultzatuko dute Otxandiok eta Zuiako Koadrilak

Anboto 2012ko urr. 2a, 11:18
Sei herrik osatzen duten Zuiako Koadrilan eta Otxandion 11.000 lagun bizi dira eta langabezia %11koa da. Enplegua bultzatzeko eta garatzeko plana egin gura dute horri aurre egiteko

Sei herrik osatzen duten Zuiako Koadrilan eta Otxandion  11.000 lagun bizi dira eta langabezia %11koa da. Enplegua bultzatzeko eta garatzeko plana egin gura dute horri aurre egiteko.


Otxandiok eta sei herrik osatzen duten Zuiako koadrilak eskualdeko enplegu plana sortuko ute. Eskualdeko lan egoera aztertzea izango da proiektuaren lehen helburua, gero eskualdeko lan-jarduera sustatzeko politikak martxan jartzeko. Otxandion eta Zuiako Koadrilako herrietan (Aramaio, Arrazua-Ubarrundia, Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuia) 11.000 lagun bizi dira eta euretatik %11 langabezia daude.


Proiektua hiru hiletan gauzatuko dute. Epe horretan, eskualdeko erakundeek, gizarte eragileek,
enpresek eta bestelako entitateek, elkarlanean eta adostasun handienarekin, ekintza zehatz eta programa berezien multzo estrategiko bat taxutuko dute, helburu batekin: eskualdean enplegua bultzatu eta garatzea, lan merkatuko gorabeherak sorrarazitako desorekak gainditzeko.


Zehatzago, planak, eskualdeko produkzio-sektoreetan -bai industria bai zerbitzu sektoreetan- epe ertain eta luzera sor daitezkeen enplegu aukerak eta ekoizpen-jarduerak identifikatzeko balioko du, langileen kualifikazioa lan-merkatuaren egungo egoerara egokitzeko, eta enpresen beharrizanen konexioa hobetzeko ere. Planaren barruan eskatzaileen enplegagarritasuna nola hobetu ere aztertuko da, egun dauden lanpostuei nola eutsi, enplegu politikak berritzea eta informazio teknologiak garatzea, eta beste hainbat gauza.


Plan honen inguruan ahalik eta adostasun handiena biltzeko asmoz, lan-mahaiak eta partehartze foro bat sortuko dira, eta euretan bertako erakundeek eta entitateeek parte hartuko dute, gizarte eragileekin, enpresekin eta eskualdeko edo bertako udalerrietakoren batean ekonomia eta gizarte garapena sustatzen duten beste entitateekin batera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!