Foro bat eratuko dute elkarbizitza baketsua sustatzeko

Anboto 2012ko ira. 5a, 09:15
1979tik hona herriaren ordezkari izan diren hautetsi guztiak gonbidatuko dituzte forora

1979tik hona herriaren ordezkari izan diren hautetsi guztiak gonbidatuko dituzte forora.

 

Sektore politikoen arteko “liskar eta ezinikusiak” atzean utzi eta “elkarbizitza baketsuan” oinarritutako kultura politiko berri bat herrian zabaltzeko helburuagaz, foro bat eratuko du udalak. Foro horretara 1979tik hona herriko ordezkari izan diren hautetsi guztiak gonbidatuko dituzte.

 

Santi Uribe alkatearen esanetan, “seguruenik hauteskundeen ostean” deituko dute foroa. Foroak bere izaera eta garapena izango dituela azaldu du, eta ahalik eta irekiena izango dela.

 

Foro horren abiapuntua Andikonako adierazpena izango da, iazko uztailaren 22an, bonbardaketaren 75.urteurrenean, udalbatzarrak onartutakoa. Orduan hainbat konpromiso hartu zituen udalak, eta foroagaz horiei denei forma eman gura diete.

 

Hiru puntu

Udalak aurtengo uztailaren 22an hartu zuen foroa sortzeko erabakia. Udalbatzarrak onartutako idatziak foroan landu beharreko edukiak hiru puntutan laburbiltzen ditu: “1936tik hona Otxandion gertatu denaren inguruko azterketa konpartitua egitea, eskubide guztien errespetuan eta elkarbizitza baketsuan oinarrituko den kultura politiko berria herriratzea eta gatazka politikoa gaindituko duen eduki demokratikoen inguruan hausnarketak konpartitu eta gizarteratzea”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!