Ezpatadantzariek aurten Otxandion ospatuko dute jaia

Anboto 2012ko uzt. 13a, 08:49
Bihar, eskualdeko hamabost dantza taldetako 120 dantzari batuko dituzte Ezpatadantzari Egunean

Bihar, eskualdeko hamabost dantza taldetako 120 dantzari batuko dituzte Ezpatadantzari Egunean.

 

Aurten Otxandiori dagokio ezpatadantzaren inguruko jai nagusia hartzea. Garairi hartuko dio lekukoa. Gerediaga Elkarteak antolatuta, Durangaldeko hamabost dantza talde eta 120 dantzari inguru batuko dira plazan, Santa Maña jaiak are koloretsuago bihurtzeko.

 

\"\"

 

Durangaldeko zortzi herritako taldeak batuko dira udaletxe aurreko plazan. Iurretatik eta Berriztik hiruna talde etorriko dira; Durangotik, Abadiñotik eta Otxandiotik bina; eta Mañaria, Izurtza eta Garaitik bana.

 

Lehenengo, 18:30ean, dantzari denek kalejiran irtengo dute herrian  zehar. Ostean, 19:00etan, hainbat dantza erakutsiko dituzte plazan, dantzari guztiek batera. Dantzari dantza osoa ikusi ahalko da: agintariena, zortzinangoa, ezpata joku txikia, banangoa, ezpata joku nagusia, binangoa, launangoa, makil jokua eta txotxongiloa. Gero, soka dantzan ibiliko dira, atzeranzkoa eta aurreranzkoa dantzatzen.

 

Erakustaldiaren ostean, mahaiak eta aulkiak atondu eta plazan bertan afalduko dute dantzari guztiek elkarrekin. Egunari ere dantzan emango diote amaiera, baina dantza soltean, Laket taldeak eskainiko duen erromeriaren laguntzagaz.

 

Ezpatadantzari Eguna lehenengoz antolatu zutenetik 45. urteurrena egingo da aurten. Iurretan izan zen lehen aldi hura. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!