Goizeko 11:30erako ehundaka otxandioar batu ziren zapatuan Andikona plazatik udaletxera bitartean lipdubak egin beharreko ibilbidean. Herriko talde gehienek hartu zuten parte, bakoitzak bere jardunari dagozkion jantzi eta tresnez atonduta.
Jende eta kolore mosaikoaren artetik pasatu zen kamera atzean zuen megafonotik musika zabaltzen zuela. Guztira, hiru saio egin zituzten eta azkenengoan plazatik ekitaldiaren helburuak azaldu zituzten: "Euskaraz bizi guredu! da aukeratutako leloa eta gogo horixe da hain zuzen horrenbeste otxandiar kalera atera dituena. Pausoak emateko ordua da. Euskara ez da gauza abstraktua, euskara euskaldunok gara eta bizi nahi izatea ere ez da abstraktua, gogo hori gutako bakoitzaren barruan dago eta eguneroko bizimoduan jartzen da praktikan". Hain zuzen, Euskeraz bizi guredu leloagaz logotipoan dauden lau "e" horregaz euskaldunei egin gura izan diete erreferentzia.
Amarauneko kideen ustez, "ohiturak aldatzea ez da beti erraza baina gogoz eta ilusioz eginez gero posible da eta lagunartean eginez gero errazagoa da gainera; horretarako sortu dugu Otxandioko Euskaldunon Amaraune sarea, elkarregaz pausoak ematen joateko".
Amaraunean izena emateko eta egunerokoak euskaraz egiteko pauso txikiak egiten hasteko eskariagaz amaitu zen ekitaldia. Otxandioko Euskaldunon Amarauneko antolatzaileek eskerrak eman gura dizkiete lipdubean parte hartu duten herriko norbanako eta talde guztiei. Lipduba uztaileko Santamaña jaien barruan proiektatuko da Andikona Plazan.