Mekoleta auzoko jaietan musika izango da nagusi

Anboto 2012ko eka. 8a, 08:21
Iturriaga, Elortza, \'Abarkas\' eta Ugartetxea bertsolariak baserriz baserri ibiliko dira kantari

Iturriaga, Elortza, ‘Abarkas’ eta Ugartetxea bertsolariak baserriz baserri ibiliko dira kantari.

 

Mekoleta auzoan San Bernabe jaiak ospatuko dituzte asteburuan. Urterik urtera gero eta jende gehiago batzen duen Bertso Birak lau bertsolari batuko ditu aurten: Igor Elortza, Unai Iturriaga, Eneko Abasolo Abarkas eta Beñat Ugartetxea. Zapatuan, 23:30ean, hamar bat baserritik ibiliko dira bertsotan,  Arratiko Arantzarte dantza taldeagaz.

 

Auzotarrak ez ezik, Otxandio herriguneko hainbat bizilagun hurreratzen da ekimena bertatik bertara jarraitzeko.
Jaiak gaur gaueko txupinagaz hasiko dituzte. Segidan Kilauea, Boot Boys eta DJ Artapalo musika taldeak ariko dira zuzenean.

 

Zapatuan, 17:30ean, Otxandioko Urduri taldeak dantzak erakutsiko ditu. Ostean, Anne Mona, Oskola eta Karramarroi  antzerki taldeak gaztetxoei zuzendutako Ino, ino, ino, badator Bonbardino lana antzeztuko du. Jarraian, Otxandio, Oleta eta Arratiko koadrillak herri kiroletan lehiatuko dira, jai giroa sortzeko eta herri kirolak bultzatzeko. DJ Gorrotxaren musikak errematatuko du gaua, 23:30etik aurrera.

 

Astelehenean, San Bernabe egunean, meza eta luntxa egongo dira eguerdian. Azkenik, 17:30ean mus eta briska txapelketak jokatuko dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!