Udalak Holtza enpresari inor ez kaleratzeko eskatu dio

Anboto 2012ko eka. 4a, 08:26
Legutioko enpresan hamaika otxandiar lan barik geratzeko arriskuan daude

Legutioko enpresan hamaika otxandiar lan barik geratzeko arriskuan daude.

 

Holtza enpresa Legutioko industrigunean dago. 78 langile ditu eta horietatik 11 otxandiarrak dira. Likidezia arazoak dituztenez, enpresako gerentziak 35 langileri iraungitze espedientea aplikatzea proposatu zuen eta gainerako langile guztiak  enplegu-erregulazioan sartzea. Horregatik, Otxandioko udalbatzarrak onartutako mozio batean, “enpresa-jarduera mantentzeko” eskatu diote Holtzari, “lanpostuak mantenduko direla bermatuz”.

 

Kaleratzeko agindua bertan behera uztea ere eskatu zioten, eta elkarrizketa eta negoziazioaren bidearen alde egitea.

 

Orain hilabete Holtzako  akziodunen kontseiluak gerentziako kideak kaleratu zituen eta horien ordez gestio-talde bat ipini zuen. Enpresako komitea (LAB sindikatuarenak dira 5 delegatuak) talde berri horrekin negoziatzen ari da, eta 35 kaleratze aurreikusten zituen espediente hura geratzea lortu dute. Dena dela, dagoen lanerako langile larregi daudela onartzen dute, eta kontraproposamena egin dute: baja boluntarioen bidea lantzea, pizgarriekin. Zehazki, 35 egun ordaintzea lan urte bakoitzeko, eta urte biko langabezia amaitzen denean enpresan berriro berkokatzeko aukera eskaintzea. Enplegu-erregulazio espedientea, aldiz, beharrezko ikusten dute.  

 

Enpresak “ixteko arriskua” ere badu, Iñaki Ortiz de Zarate LABeko ordezkariak dioenez, baina gestore berria lanean lehiakor ari dela uste du: “Hilabete barru jakingo dugu ixten den edo ez”.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!