Limitaduaren jabetza ipiniko dute jokoan, sinbolikoki

Anboto 2012ko api. 21a, 08:17
Otxandioren eta Aramaioren arteko olinpiada herrikoiek elkartasuna bultzatzea dute helburu

Otxandioren eta Aramaioren arteko olinpiada herrikoiek elkartasuna bultzatzea dute helburu.

 

Otxandio eta Aramaioren artean aspaldikoa da limitaduaren gaineko eztabaida. Otxandioarrak eurena dela diote eta aramaioarrek kontrakoa defendatzen dute. Baina zertarako ika-mikan jardun, jabetza joko batzuen bidez erabaki daitekeenean? Gaur , 13:00etan, Udaberri Jaien barruan, hainbat joko herrikoiz osatutako olinpiadak egingo dituzte. Irabazten duen herriak egurrezko oilarra jasoko du, eta baita zonalde limitatua-ren jabetza ere, modu sinbolikoan.

 


Urteetako eztabaida aitzakia moduan hartuta, elkartasuna sustatzea dute helburu: “Hartueman ona dugu Aramaiogaz. Lehia sanoan arituko gara, jaigiroan”, dio Alaitz Ajuria otxandiarrak.

 

Olinpiaden garaipena oilar batek irudikatzea ez da kasualitatea: kondairak dio, behin herri biek tratu bat egin zutela; egunsentian, oilarraren lehenengo kantuagaz, herri bakoitzetik eztabaida eremurantz abiatuko ziren eta herri bietako ordezkariak bat egiten zuten tokian ezarriko zituzten mugak. Kondairak dioenez, aramaioarrek oilarrak xaxatu zituzten lehenago kantatzeko, eta otxandiarrak abiatu zirenerako, erreka alboan aurkitu zituzten aramaioarrak, Otxandion bertan.

 

Gaurko jai egunean, ostera, goizean Otxandiotik abiatu eta Orisol mendian elkartuko dira aramaiotarrekin. Gero, Otxandioko plazara jaitsi eta orduan egingo dituzte jokoak. 15:00etan bazkari herrikoian batuko dira. Bazkaritarako txartelak Fondan daude salgai: 8 euro umeentzako eta 12 euro nagusientzako.

 

Iluntzean musika izango da nagusi. Gozo Gozo taldeak erromeria eskainiko du, 19:00etan; ondoren, kontzertua eskainiko dute Boot Boys, Kruders, G.R.T. eta Materia Gris taldeek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!