Autobus tiketak interneten ere ipiniko ditu salgai Alsak

Anboto 2012ko api. 1a, 08:29
Otxandioko eta Legutioko udaletako ordezkariak Alsa konpainiagaz batzartu dira autobus zerbitzu \'eskasaren\' inguruan berba egiteko

Otxandioko eta Legutioko udaletako ordezkariak Alsa konpainiagaz batzartu dira autobus zerbitzu \'eskasaren\' inguruan berba egiteko.

 

Peio Ontxandiano zinegotziaren esanetan, “jarrera ona” erakutsi dute Alsako ordezkariek eta, obligaziorik ez duten arren —Aldundiagaz duten esleipen motak ez ditu horretara behartzen—, konpromiso bi hartu dituzte: autobus txartelak internet bidez erosteko aukera ipintzea eta Otxandiotik pasatzen den autobusa beteta badoa, errefortzurako beste bat bidaltzea. Hartutako konpromisoak gauzatzeko eperik ez dute zehaztu.

 

Otxandion, “behin baino gehiagotan geratu da jendea autobusera igo ezinik beteta zihoalako”. Gainera, “azken hiru hilabeteetan bi bider, autobusa etorri ere ez da egin”.

 

Autobus txartelak interneten erosteko aukera Gasteiztik Otxandiora etortzen direnek eskertuko dute gehien. Izan ere, Madrilera joan zein Otxandiora joan, txartelak saltzeko postu bakarra dago Gasteizen eta ilara luzeak sortzen direnean, “autobusa galdu izan dute hainbat herritarrek ilaran zeudela”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!