Eskolan harrera gela zelan eratu pentsatzen ari dira

Anboto 2012ko mar. 8a, 08:12
Guraso elkartea batzartu egin da interesdunekin

Guraso elkartea batzartu egin da interesdunekin.

 

Hainbat gurasok azaldu izan diote Mainondo guraso elkarteari herri eskolan harrera gela bat eratzeko komenentzia. Klaseak hasi aurretik eta amaitu ostean gaztetxoen kargu egingo litzatekeen zerbitzua, begirale bategaz. Oraintsu, guraso elkarteak batzarra egin du interesatuta dauden gurasoekin, beharrizanak bertatik bertara ezagutzeko.

 

Batzar horretara hamar bat guraso joan ziren, eta horietako sei-zazpik zerbitzua beti erabiltzeko intentzioa erakutsi zuten. Denen beharrizanak entzun, eta horri guztiari forma ematen dabiltza orain.

 

Goizean goiz eta arratsaldez   ikusten dute beharrik handiena, 07:30etik 09:00etara, eta 16:15etik 17:15era. Orain, zerbitzua eman dezaketen enpresa batzuk begiratzen dabiltza, aurrekontuak-eta parekatzeko. Oraindik ez dute erabaki begirale zerbitzua gurasoek ordainduko duten edo Udalari laguntza eskatuko dioten.

 

Hilabete inguruan gurasoek erabaki bat hartuta izatea itxaroten dute. Adierazi dutenez, garrantzitsua da datorren urterako zer eskaintza izango duten jakitea, ikasturtea modu batera edo bestera planifikatzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!