I. Berdintasun Plana diseinatuko dute herriko eragileekin

Anboto 2012ko ots. 24a, 09:26
Udal jarduera, hezkuntza eta guraso diren emakumeak izango dira planaren zutarriak

Udal jarduera, hezkuntza eta guraso diren emakumeak izango dira planaren zutarriak.

 

Giza Eskubideen Batzordeak lehenengo berdintasun plana diseinatuko du aurten, 2012an bertan indarrean ipintzeko asmoz. 2009an egindako diagnostikoa, herriko kultur eta kirol elkarteen zein norbanako eragileen ekarpenekin definitu eta aberastea da asmoa.

 

Otxandio herri txikia denez, plan integral bat ez dute “bideragarri” ikusten, Eider Ajuria batzordeko zinegotziaren esanetan. Horregatik, etorkizuneko prozesu parte-hartzaileak eragin ditzakeen aldaketei atea zabalik utzita, oraingoz hiru esparruri eman diete lehentasuna: udalari eta udal jarduerari, hezkuntzari eta guraso diren emakumeei.

 

Berdintasun plan horretan hezkuntza txertatzea ez da hutsetik hasiko duten prozesua: “Mainondon badago elkarbizitzarako proiektu bat martxan, eta bide horretatik eragin daiteke”. Ama diren emakumeei dagokienez, “lan esparrua eta etxeko lanak uztartzeko zailtasunak” dituztenei zuzentzea da asmoa.

 

Martxoak 8ko ekimenak

Plana diseinu fasean dagoen arren, martxoaren 8ari begira, (Emakume Langileen Nazioarteko Eguna) prest dituzte hainbat ekimen. Otsailean abiatu zuten argazki lehiaketaren harira (‘emakume langilea’ da gaia), martxoaren 2an, 3an eta 4an argazkiak udaletxe azpian erakutsiko dituzte, eta herritarrek aukeratuko dute bigarren saria; lehenengoa epamahaiak erabakiko du. Martxoaren 8an egingo dute sari banaketa, udaletxean. Lehiaketagaz bete gura izan dituzten helburuak ere jakinaraziko dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!