Gastuak eta diru sarrerak ia maila berean dauden aurrekontuak onartu dituzte

Anboto 2012ko urt. 27a, 13:11
Bilduren botoekin onartu ziren; EAJ abstenitu egin zen. Alderdi biak ados agertu ziren Udalaren egoera ekonomikoa orekatzeko beharragaz.

Bilduren botoekin onartu ziren; EAJ abstenitu egin zen. Alderdi biak ados agertu ziren Udalaren egoera ekonomikoa orekatzeko beharragaz.


2012ko aurrekontuen txostenean agertzen denez aurten 1.392.789 euroko diru sarrerak aurreikusita daude eta gastuak 1.272.695 eurokoak dira. Beraz, 120.093 euro geratzen dira inbertsioetarako. 2007tik hona gastuek gora egin duten heinean diru-sarrerak, oro har, mantendu egin dira. 2007an 300.000 euro inguruko aldea positiboa zegoen diru-sarreren eta gastuen artean; aurten ia herenera jaitsi da alde hori.


Ondorioz, aurten udalaren egoera ekonomikoa orekatzea izango dute helburu, ohiko diru sarrerak handitzen saiatuz eta ohiko gastuen igoera motelduz. Udalbatzarra osatzen duten alderdi biek (Bildu eta EAJ) jardunbide horren beharrizana azpimarratu zuten atzoko udalbatzarrean.


Egoera honen arrazoiak argi azaltzen dituzte udaleko webgunean eskegi duten txostenean.  Alde batetik, 2009tik hona Bizkaiko Aldundiko Udalkutxatik jasotako diru kopuru bat itzuli beharra izan dute, ohiko zergek gorantza (KPI, BEZ…) jarraitzen zuten bitartean. Bestalde, ez ohiko diru sarrera batzuk ezin izan dituzte gauzatu, aprobetxamendu urbanistikotik jaso asmo zituzten 237.000 euroak, esaterako. Kontrara, ez ohiko gastuak gauzatu egin dira: Andikonako plaza berriztea, depuradorako konponketa… Likidezia arazoei aurre egiteko 300.000 euroko kreditu bat eskatu beharrean izan dira, horietatik 200.000 erabili dituztelarik. Horrek guztiak udalaren aurtengo inbertsio aukerak gutxitu egiten dituela onartzen dute.


Ekonomia zelan orekatu


Bietatik egiten saiatuko dira; gastuak neurtzen eta diru sarrerak handitzen. Sarrerak handitzeko neurrien artean dago katastroen jabetza berriak eta balioak eguneratzea, ondoren IBIaren kalkulu zuzenagoak egiteko. Gastuei dagokionez, oro har, “dohiketak egiten saiatu gara”, adierazi du Santi Uribe alkateak, baina arlo batzuetan “malgutasunez” jokatu dugu, herri mantenurako gastuekin esaterako, “urtean zehar sortu daitezkeen ezustekoak konpontzeko”.


Inbertsioak


Aurtengo inbertsio nagusien artean erresidentzia ondoko etxearen erosketa dago. Ordainketa hainbat urtetan gauzatuko da, epeka. Aurten 25.200 euroko atala gorde dute horretarako. Iturrizarreko parkina egiteko eta Mainerrota alderako sarrera mugatzeko lanak egiteko 44.000 euro gorde dituzte. Proiektu hau ez dago lehentasunen artean, baina 177.000 euroko diru laguntza lortu dutenez aurrera egitea erabaki dute. Egin asmo duten anbulatorio berriaren harira, 2012an exekuzio proiektua idatziko dute. Azkenik, Berdintasun Plana osatzeko 8.000 euroko diru atala gorde dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!