Domekarako azoka prestatu dute baserriko produktuekin

Anboto 2011ko abe. 15a, 08:01
Domekan, abenduaren 18an, baserriko produktuekin osatutako azoka egingo dute. Krisi garaian salmenta zuzena bultzatzea da ekimeneko helburuetako bat

Domekan, abenduaren 18an, baserriko produktuekin osatutako azoka egingo dute. Krisi garaian salmenta zuzena bultzatzea da ekimeneko helburuetako bat.

 

Bide horretan baserri produktuak (ortuariak, gazta, ogia…) baserritarrei zuzenean erosteko aukera eskainiko du azokak; baita saltzailearen eta eroslearen arteko hartu-emana sustatzeko aukera ere.

 

kemnetsu kultur elkarteak antolatuta, azoka goizean eta eguerdian zehar egingo dute plazan (10:00etatik 15:00etara), eta ohi duten moduan bestelako hainbat ekimen ere egongo da;  esaterako, Otxandioko 3. Buzkantz Lehiaketa. Ondoren, buzkantz dastaketa egingo dute. Herri kirolari dagokionez, aizkolari, harri-jasotzaile, trontzalari… gazteen erakustaldia ikusteko aukera egongo da 13:00 inguruan; Mallabiko Herri Kirol eskola arduratuko da erakustaldiak egiteaz, Urdax Magunazelaia harrijasotzaile gaztea tartean dela.

 

Aurten guztira 45 postu ipiniko dituzte. Horietatik 30 euskal produktuen gainekoak izango dira: ogia, fruta, pastela, txorizoa… Beste 15 postuk artisautzaren inguruko produktuak erakutsiko dituzte.

 

Horri guztiari musika gehitu behar zaio, egun osoan zehar trikitilariak herrian zehar ibiliko direlako jai giroa zabaltzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!